Hasi da urrezko idiaren urtea

13.02.2021 | 00:41
Adela Lu bere akademian.

Otsailaren 11ean hasi zen urte berria Txinan eta Gipuzkoan bizi diren txinatarrek ere ospatu nahi izan dute; aurtengo egoera berezia bada ere, asmatu dute ondo pasatzeko modua.

Urrezko arratoiaren urtea izan zen txinatarrentzat 2020a eta normalean urte ona izaten omen da animali horri dagokiona. Iaz, ordea, otsailaren 11ean, Txinako Gabon zaharrean, herrialdea ixtea erabaki zuten pandemiaren ondorioz;urte ona behar zuenak, ustekabean 360 gradu irauli, eta hasiera zail eta gogorra izan zuen. Urtebete pasa da dagoeneko eta aurtengo otsailaren 11ean beste urte bati eman zioten hasiera txinatarrek: urrezko idiaren urteari.

Urtezaharreko afaria gaueko 23.00etan hasten da Txinan eta gaur egun Donostian bizi den Adela Luk ondo gogoan du txikitan ezin izaten zuela ordura arte esna itxaron. "Tradizionalki, egun berria 23.00etan hasten da Txinan eta Gabon zaharrean, hemen bezala, afari berezia egiten da familiarekin. Txinako kulturan egunerokotasunean goiz oheratu eta goiz altxa-tzeko ohitura dute, eta Urtezaharra izaten da salbuespen bakarra. Nik ez nuen sekula lortu egun seinalatu horretara esna iristea", azaldu dio egunkari honi.

Adela Lu 2004ean etorri zen Donostiara eta Gipuzkoan bizi diren milaka txinatarretako bat da. Donostiako Gipuzkoako Institutu Txinatarreko zuzendaria da eta txinera irakasten die bertan 200 ikasleri. Horrez gain, Deustuko unibertsitatean ere txinerako klaseak ematen dizkie International Management Skills gradua egiten ari diren ikasleei. "Oslora joan nintzen masterra egitera eta bertan eman nituen bi urte eta erdi. Jarraian, Caracasera joan nintzen master amaierako lana egitera, eta herrialde desberdinak probatu arren, hemen bizitzea errazagoa zait", adierazi du.

Senarrarekin eta bost urteko alabarekin bizi da Lu eta aurten beraiekin ospatu du Txinako Urte Berria, egun bat beranduago, ordea. "Otsailaren 11ean berandura arte egin nuen lan eta txikitan bezala, ezin izan nuen esna egon. Hala ere, nahiz eta zazpi orduko aldea egon, Txinako lagunei mezuak bidali nizkien Urte Berria zoriontzeko eta berehala erantzun zidaten. Horrek esan nahi du haiek behar bezala ospatzen ari zirela", aipatu du.

Txinera irakasten duen akademian urtero egiten dituzte hainbat ekin-tza data seinalatu horretan. Adibidez, otsailaren 11ean guztiak elkarrekin afaltzera joaten dira jatetxe txinatar batera; aurten ezinezkoa izan da, ordea. Hala ere, topatu dute Urte Zaharra ospatzeko modua, izan ere, menu berezia enkargatu baitute jatetxe txinatar batean nahi duenak etxera eramateko. "Gure webgunean eta Facebookeko orrialdean erakutsi genuen menua zein zen eta nahi zuenarentzat promozio kode bat jarri genuen menua eskura-tzeko", azaldu du.

Gainera, Txinako plater tradizional bat prestatzeko bideo bat ere zabaldu zuten sare sozialetan, errezeta erraz bat eskainiz.

Aurten bakoitzak bere etxean ospatu behar izan du Urte Zahar txinatarra, baina Luk gogoan izan du Txinan bizi duen ama. "Nire ama Txinan bizi da bakarrik, izan ere, alaba bakarra bainaiz eta aita hil egin zen. Astero hitz egiten dut berarekin bideo-deiaren bitartez, eta oso pozik hitz egiten du gure alabarekin. Pandemia aurretik, urtero joaten nintzen hara alabarekin, oso garrantzitsua baita berak txinera ikastea. Ea udan berriro joateko aukera izaten dugun", esan du.

ondo hasitako urtea Urte bakoi-tza animalia batekin eta naturako elementu batekin irudikatzen dute Txinan. Hamabi animalia daude orotara eta bost elementu: lurra, urrea, ura, sua eta egurra. "Urreak aberastasuna irudikatzen duenez aurtengoak, berez, urte ona izan beharko luke. Egia esan, jada nahikoa lasai nago koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina hemen ere abiatu delako. Hasiera ona da hori", azaldu du.

Gipuzkoan bizi diren txinatar gehienak autonomoak omen dira Luren esanetan. Askok dendak edo jatetxeak dituzte eta bakarren ba-tzuk, bera tarteko, enpresetan edo irakaskuntzan egiten dute lan. Ekonomikoki urte zaila izan da, baina itxaropentsu agertu da Txinan dagoeneko guztia "kontrolatuta" dagoelako. "Arazoak arazo, Txinako ekonomia %2,5 igo zen iaz", nabarmendu du.

2020ko lehenengo hiru hilabeteak oso gogorrak izan omen ziren bere herrialdean. Konfinamendu oso gogorrak bizi izan zituzten, eta leku batzuetan, hamalau astez egon omen ziren pertsona batzuk etxetik ezertarako atera gabe. Orain ordea, neurri handi batean, arazoa konponbidean omen dago: "Txinan 345 hiri daude guztira, eta soilik 25ean dago kasu aktiborik. Horrek esan nahi du hirien %92,5ean ez dagoela kasurik", azpimarratu du.

Txertaketa kanpaina udan hasi zuten bertan eta dagoeneko 40 milioi dosi baino gehiago jarri dituzte. Helburua otsailaren erdirako 50 milioi dosi jarrita izatea da. "Ea hemen ere denoi jartzen diguten txertoa azkar, immunitatea lortu eta urrezko idiaren urte zoriontsu bat izateko", esan du amaitzeko.