Aralarreko Mankomunitatearen eta abeltzainen arteko talka

Nekazal sindikatuek Aralarreko abere azienda murrizteko erabakia gaitzetsi dute

03.02.2021 | 01:15
Abelburuak Aralarko larreen irekieran, Larraitzen.

donostia – Enirio-Aralarreko Mankomunitateko EH Bilduko ordezkariak ez ziren agertu Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek Aralarko abere azienda murrizteko EH Bilduren gehiengoarekin osatuta dagoen Mankomunitateak hartu duen erabakiari buruz hitz egiteko atzo antolatu zuten bilerara.

Mankomunitatearen jabetzakoak diren larreetan ganadua bazkatzen duten ganaduzaleek gutun bat jaso dute azken egunotan Mankomunitatearen izenean. Gutunean, maiatzetik aurrera mendira eramatea onartu zaien abelburu kopurua jakinarazten zaie, arrazoi desberdinak tarteko, helburua azienda murriztea dela azalduz. Nekazal sindikatuek euren "desadostasuna" azaldu dute hasieratik eta EH Bilduko ordezkariak bilerara ez joateak euren nahigabea areagotu duela jakin zuen atzo egunkari honek.

Hala ere, Mankomunitateak ohar bat bidali zuen komunikabideetara arratsaldean, eta bertan azaldu zuenaren arabera, aurreko legegintzaldian onartu eta indarrean dagoen ordenantza aplikatu baino ez du egin. "Erabaki hori ez da legegin-tzaldi honetan hartu, aurrekoan baizik", azaldu zuen.

Ordenantza betetzen duten ar-tzain askok eskatu omen dute hura betetzea, izan ere, buru gutxien duten artzain eta abeltzainak kaltetuak ateratzen baitira ordenan-tzak ezarritako mugak gainditzen dituztenen aurrean, larreen banaketa egiterakoan eskubide gehiago aitortzen zaizkielako eta laguntzak horren arabera banatzen direlako.

Mankomunitatearen arabera, ordenantza betearazita artzainek, batez ere artalde txikienak dituztenek, hektarea gehiago jasoko dituzte banaketan. Horrela geratuko lirateke 2021erako onartutako kopuruak: 964 behi (iaz 985); 14.382 ardi (iaz 14.885); 2.551 arkume (iaz 2.536) eta 726 behor (iaz 862).

"Mankomunitateak bere ordenantzak berritzeko beharra mahaigainean jarri eta elkarlanerako deia egin duen arren, abeltzainen ordezkariekin hitz egin gabe, azienda murrizteko eskatuz bidali ditu eskutitzak", azaldu zuten sindikatuek ohar baten bidez.

Goierriko EAJk erabaki hori EH Bildurena dela adierazi zuen eta ez Mankomunitatearena, gutunak adierazten duen moduan. Alderdiak ganaduzaleen bitartez izan omen du gutun horren berri, eta salatu zuen Enirio-Aralarren dituen ordezkariek ez dutela Mankomunitatearen eskutik horren berririk jaso eta jeltzaleek gidatzen dituzten Mankomunitateko udalerriei ere ez zaiela jakinarazi.

"Ganaduzaleei Mankomunitatearen izenean bidali zaien gutunean jakinarazten dena ez da Mankomunitatearen erabakia, EH Bildurena baizik. EAJko ordezkariek ez dute erabaki hori onartzen, Mankomunitatean ez delako irizpide aldaketa hori eztabaidatu, eta ez dute inolaz ere babesten", azaldu zuen Goierriko EAJk.

txosten teknikorik ez Nekazal sindikatuen arabera, ez dago azienda murrizteko beharra justifikatuko lukeen balizko gainkarga ziurtatzen duen txosten teknikorik, ezta eskutitzak nori bidali justifikatzen duen txosten teknikorik ere. "Abeltzainen ordezkariok eskutitzak bidaltzeko erabakia bidegabekeria eta arbitrariotasunaren eredu ezinhobeak direla salatu nahi dugu", azaldu zuten sindikatuek.

Egoera honen aurrean, abeltzainek denbora bat hartzea erabaki dute egoeraren balorazioa egin eta aurrera begirako jokabidea erabaki aurretik.

"Abelburu kopurua murrizteko erabakia ez da legegintzaldi honetan hartu, aurrekoan baizik"

Enirio-aralar

Mankomunitatea

"EAJk ez du erabaki hori onartzen, ez delako irizpide aldaketa hori eztabaidatu"

goierriko eaj

Oharra