Pasaian intzidentzia tasa metatua 500dik gorakoa denez (526,13 atzo) konfinamendu perimetrala ezarri dute bertan eta horrez gain, ostalaritza ere itxi egin behar izan dute. Argazki hori astelehenean gertatuko denaren isla da, izan ere, atzo Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera EAEko herri guztiak ixtea dekretatu baitzuen.

NOTICIAS DE GIPUZKOA Pasai Antxora gerturatu zen atzo eta herria Donostiarekin banatzen duen Eskalantegi kalean zenbait herritarrekin hitz egiteko aukera izan zuen. Espaloiaren alde batean antxotarrak ageri ziren, beste aldean zeuden donostiarrekin gurutzatu ezinik. Irudi berdina errepikatu zen Trintxerpe Donostiarekin banatzen duen Azkuene kalean ere. “Ondo datorkigu espaloia gurutzatu ezin izatea koronabirusarekin kutsatzea saihesteko. Ea intzidentzia tasa jaisten zaigun asteburu guztia herritik atera gabe pasa ostean”, azaldu zuen Saioa Basoko antxotarrak.

Herrian konfinamendu perimetrala ezartzea ondo iruditzen zaio prebentzio gisa. “Pandemiako azkenengo olatuetan egon diren murrizketak antzekoak izan dira eta emaitza onak eman dituzte. Ea orain ere neurri horiek hartzea nahikoa den egoera bere onera itzultzeko”, esan zuen Basokok. Asteburuari begira, Pasaia lau distrituz osatuta dagoenez, Donibanera edo San Pedrora joateko plana egingo omen du familiarekin.

Hartutako neurriek bere alde onak eta txarrak dituztela uste du Lucía Ramos bizilagunak. “Lanera joateko baimenak eskatu behar dira eta nahiko aspergarria iruditzen zait horrela ibiltzea. Orain Buenavistara joan behar dut eta horretarako errepidea gurutzatu besterik ez dut egin behar, baina gelditu egin nazakete. Eskerrak baimena esku artean daukadan”, esan zuen.

Herrian ertzainen presentzia ere nabari omen da. “Atzo gauean hainbat patruila igaro ziren hemendik eta gorabeherarik izan ez bazen ere, ingurua zaintzen ari ziren”, adierazi zuen Ramosek. Egunez kaleetan jende asko ez badago ere, gauetan plazan gazteak egoten direla gaineratu zuen eta orain arte Antxoko tabernetan mugimendu gutxi egon dela.

Beste bizilagun batek Donostian egiten du lan pertsona helduak zain-tzen eta berak ere baimena behar du espaloia gurutzatzeko. “Adinekoak ezin ditugu alde batera utzi sekula eta baimena daukat haiek zaintzera joateko. Zaintzen ditudan pertsona batzuk lasaitasunez hartzen dute gaia eta beste batzuei azaldu egin behar zaie egoera korapilatsua dela une honetan. Baina gure burua zaindu behar dugu eta guztia hobetzeko zain egon behar dugu”, adierazi zuen.

Bizilagun honek dagoeneko pasa du koronabirusa eta dezente kostatu omen zitzaion bere onera itzultzea: “Sekulako katarroa izan nuen. Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera joan behar nuen lanera barkuan eta pentsatzen nuen bertan hoztu nintzela. Sentitzen nuen mina sekulakoa zen, birikak esplotatuko zitzaizkidala uste nuen. Azkenean medikuarengana joan eta koronabirusa zela esan zidaten”.

Herria ixtea erabaki ona dela uste du egoera bere onera itzultzeko, baina erabakia berandu hartu dela uste du. “Pentsatzen dut Gobernuak neurri hauek gabonak baino lehen hartu beharko lituzkela. Hori hala egin balitz, orain ez ginateke horrela egongo”, esan zuen.

Julen Etxeberria antxotarrak ere neurriak egokiak direla uste du. “Jende asko dago kutsatuta eta ondo iruditzen zait Pasaia ixtea. Herrian jende gutxi dabil, baina dagoeneko normala da hori, denbora dezente darama herriak giro triste honekin”, azaldu zuen.

Normalean Donostiara sarritan joaten da Etxeberria, baina momentuz herrian geratu beharko du inora joan gabe. “Orain ezin dugu hiria bisitatu, beraz, Pasaian geratuko gara. Arratsaldean ibiltzera goaz lasai-lasai eta asteburuan ere berdina egin beharko dugu, ezin baitugu beste inora joan”, nabarmendu zuen.

Eta astelehenetik aurrera plan horixe antolatu beharko dute herri guztietan, askoz gehiago ezin baitaiteke egin. Ezta ondoko herrira joateko espaloi soil bat guratzatu ere.