- EAJ eta PSE-EE alderdi politikoek Manu Lezertuak Ararteko gisa jarrai dezan proposamena egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. 2015ean hartu zuen Iñigo Lamarcaren lekukoa eta orduan bihurtu zen EAEko bosgarren Arartekoa.

Azken urte hauetan, Lezertuaren kudeaketa alderdi politiko guztiek "positiboki aitortu eta balioetsi" dutela azpimarratu zuten EAJ-k eta PSE-k komunikatu batean. Euren proposamenak Eusko Legebiltzarrean "onarpen zabala" izango duela espero dute.

Lezertuaren izendapena onartu ahal izateko, gutxienez, Legebiltzarrean 3/5 onarpena izan beharko du, hau da, 75 aulkitik 45ek egin beharko dute haren alde. Beraz, bi alderdi politiko hauen proposamenak oposizioko talderen baten babesa jaso beharko du.

Lezertuak (Bilbo, 1957) "ibilbide zabal eta kontrastatua" du Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren abokatu gisa. Zuzenbidean lizentziatu zen eta Londreseko Unibertsitatean legeen masterra egin zuen. Bere ibilbide profesionala Eusko Jaurlaritzaren abokatu gisa hasi zuen, eta handik Estrasburgora jo zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren letradun moduan lan egiteko. Europako Kontseiluko kriminalitatearen aurkako dibisioko aholkulari juridikoa izan zen.