Indarrean dauden neurriak arintzen hasi diraIpar Euskal Herrian, konfinamendua oraindik bururatu ez arren. Herritarrek baimen bereziak behar dituzte beti etxetik ateratzeko. Halere ordubeteko eta kilometro bateko ateraldiak askoz zabalagoak dira orain, hiru ordukoak eta 20 kilometrokoak dira eta. Joan den urriaren 30ean hetsi behar izan zuten saltoki ttikiek ateak ireki ahal izan dituzte berriz larunbat honetan. Lehen orduetatik, milaka erosle hurbildu dira hilabete batez hetsiak egon diren merkataritza guneetara. Surfzale eta mendizaleek ere gehien maite duten jarduera berriz hasi ahal izan dute lau astez debekatua egon da eta. Eric Spitz, Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetan duen ordezkariak azpimarratu du egoera kezkagarria dela oraindik eta indarrean dauden neurriak errespetatu behar direla. "150 polizia eta 350 jendarmek bazterrak zaintzen dituzte. Egun hauetan, 1.667 isun banatu dituzte, 3.000 joan den udaberrian egin zen lehen hetsialdian" zehaztu du.

Osasun egoera hobetzen bada, abenduaren 15ean zinema, antzoki eta museoek ere ateak ireki ahal izanen dituzte eta etxeratze agindua indarrean ezarriko lukete 21.00 eta 6.00 artean. Ostalaritzako profesionalak biziki kezkatuak dira urtarrilaren 20a arte egon beharko baitute, bederen, publikoari harrera berriz egin ahal izateko. Aurten, ateak hetsi behar izan dituztenez bost hilabetez, Baionaldean kasu, ostalariak kexu taldea sortu dute zenbait protesta egiteko pairatzen duten egoeraz ohartarazteko. Garagarno upel iraungiak ireki eta bota dituzte, adibidez, Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkaritzaren aintzinean. Hitz eman dizkieten diru laguntzak eta neurriak eskasak direla diote, taberna berriki ireki dutenek, adibidez, ezin izanen baitute deus eskuratu. Aseguru etxeek eta bankuek arduratsuago jokatzea eskatu dute ere Ipar Euskal Herriko ostalariek.

Izurritea hasi zenetik, 50.000 herritar baino gehiago hil dira Frantziako estatuan, ia 180 Pirineo Atlantikoetan. 27 joan den udaberrian zendu ziren eta beste guziak azken egunetan. Agintariek diote ospitaletan tentsioa apaltzen ari dela eri gehienak senda-tzen direlako, eta denbora berean beste asko hiltzen direlako ere. Oraindik ere 24 paziente artatzen dituzte suspertze zerbitzuetan. Positibitasun tasa %11,8koa da eta 100.000 biztanleko 138 kasu daude, azaro hasieran 530 zeudelarik. Agerraldia dagoenez Miarri-tzeko ostalaritza ikastegian, aste batez ikasgela bat hetsi dute. Gaitza hedatu da ere Hendaiako itsas ospitalean eta hamabost bat zahar etxetan.

Osasun krisiak krisi ekonomikoa eragin du eta garai hauetan hegaldi bakarra dago egunean Miarritzeko aireportuan. Ateak ez dituzte zabaltzen ere astearte eta larunbatetan hegaldi bakarra ere ez dagoelako. Hazparnen, Lauak aeronautika enpresak 150 lagun, langileen herena, kanporatu du joan den martxotik negozio zifra asko apaldu zaielako. LAB sindikatuak protesta egin du informazio eza salatzeko eta erakunde publikoek esku har dezaten aldarrikatzeko. Baionako apezpikuak jakinarazi du ez duela betearaziko 30 lagunen muga berriz hasiko diren elizkizunetan parte hartzeko. Apezak ez direla zaindariak gogoratu du Marc Aillet, eta otoitz lekuak herena arte betetzea proposatu du. Izan ere, kristau batzuek oharatarazi dute higiene segurtasunaren aldetik "absurdoa" dela 30 lagun sarraraztea kapera bat, eliza handi bat edo Baionako katedralean.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak dio dena egin behar dela hirugarren uhaina eta itxialdi berria ekiditeko. Dioenez, zientzia batzorde batek kudeatuko du abendu bukaera hasi eta derrigorrezkoa izanen ez den txerto kanpaina.