Ikastolen elkarteak itxiera berezia eman nahi izan dio pandemiaren urte honi; horretarako, ekitaldi nazional bat antolatu zuen atzo Donostiako Kursaalean. Sarrerak berehala saldu eta guztira 400 pertsona gerturatu ziren Kursaalera. Bertan, aurten bertan behera geratu diren ilometroak, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Nafarroa Oinez jaien ordezko festa ospatu zen.

Urtero ikastolen aldeko jaietan parte hartzen duten artistei eskerrak eman zitzaizkien, baita urtero jaiotara etortzen diren herritar guztiei ere. Ekitaldian, gainera, euskal kultura jarri zen erdigunean, "urte gogor honetan sektorea bortitz kolpatu baitu pandemiak", azaldu zuten Ikastolen elkartetik. "Urtero gure jaietan presente egoten diren babesleak ere aintzat hartu ditugu, eta, nola ez, baita jaiak antolatzen ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten ikastolen komunitatea ere", adierazi zuten.

Artista hauek parte hartu zuten ekitaldian: Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa, Nogen taldea, Demode Quartet taldea, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea.

Elkartetik gogora ekarri zutenez, jai horiek bertan behera uzteak kalte ekonomiko garrantzitsua suposatu du ikastolentzat. "Ekonomikoki ere helburuetatik urruti geratu gara, eta lurralde batzuetan jaietatik ateratako diru hori oso garrantzitsua da egitura gastuei aurre egiteko. Elkartasun keinuen bidez erantzun beharko du taldeak. Jaiak ez ospa-tzeak zartako latza ekarri die ikastoletako antolatzaileei ere, nahiz eta jaiei ziklo amaiera duina eman dieten, izan ere, azken astean kultur eta hezkuntza ekitaldi ugari antolatu baitituzte, batez ere herriei eta hezkuntza komunitateari begira. Benetan hunkigarriak izan dira. Halere, denon artean itxiera orokor bat eman nahi izan diogu pandemiaren urte honi, eta horretarako antolatu dugu ekitaldi nazional hau", aipatu zuten.

Gauzak horrela, datorren urtean ikastolen aldeko jaiak berreskura-tzeko itxaropentsu azaldu zen ikastolen elkartea.