Euromilloneseko milioi bateko saria banatu du etariako kale Nagusian kokatua dagoen Harritarte liburudendak. Dendako arduradunak, Begoña Garatek, NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariari atzo jakitera eman zionez, astearte iluntzean 22.00ak aldera jaso zuen mezua Estatuaren Loteriako ordezkaritzatik eta ordutik "pozaren pozez" dago.

Zoriona bikoitza izan da, ordea, Garaterentzat. Izan ere, Getarian bertan geratu da saria. "Herritar xume bat izan da zorteduna. Saria iragarri bezain laster jarri zen kontaktuan nirekin eta goizean (atzo) pasa da dendatik. Diskrezio osoz egin dugu kudeaketa guztia", aitortu zuen.

Espainia mailan astearte eta ostiralero banatzen den milioietako bat da Getariakoa. Parte-hartzaileak aukeratutako Euromilloneseko zenbakiaz gain, beste kode bat ematen da zoriz eta horixe da Getarian tokatu dena; GNL69152 zenbakiarekin.

Herritarren artean ikusmira handia sortu zuen albisteak. Garatek azaldu zuenez, Getaria herri txikia izanik "azkar zabaldu" zen berri ona eta hainbat bizilagun gerturatu ziren Harritartera zoriontzera. "Batek edo bestek ere galdetu dit ea zergatik ez diodan saldu izartxo hori", gaineratu zuen barrez.

Azkenekoz sari handi bat duela hamaika urte eman zuen Harritarte establezimenduak. Orduan Primitivakoa izan zen, 1.300.000 eurokoa. Aldiz hau "emotiboagoa" izan da, pandemiak gogor kolpatu baitu eta etorkizunari indarrez har-tzeko "argia" piztu dio Garateri. 20 urte bete berri ditu bere negozioan eta beste hainbatetan horrelako "altxorrak" banatzen jarraitu nahi du.

Zozketa 2016an martxan jarri zenetik lau bider iritsi da Gipuzkoara. 2017an Zumarragan erori zen, 2019an Pasai Trintxerpen, 2020ko abuztuan Zumaian eta El Millon saria azkena jasotzen Getaria izan da.