Euskaraldiaren "teoriza-tzaile" gisa egindako ekarpenari esker jasoko du ello Jauregi (Donostia, 1958) irakasle eta ikerlariak aurtengo Abbadia Saria. Gipuzkoako Foru Aldundiak aho batez hartu du erabakia eta "merezimendu osoz" emango dio oroigarria Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, azaroaren 27an.

Jauregiren gogoeta eta ikerlanen bidez "euskararen hedapenerako aukera neurtezinak" ahalbideratu direla nabarmendu zuen atzo Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak Abbadia Saria nork eskuratuko duen iragar-tzeko prentsaurrekoan.

Pedagogian Lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Jauregi Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria ere bada, besteak beste. Gaur egun, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateako irakaslea da.

Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen 2016an Lasarte-Orian egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu jasotzen diren. Mendizabalek nabarmendu zuenez, Foru Aldundiak ikerketa horri esker Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia nabarmendu nahi du errekonozimendu honekin.

Lau arrazoi nagusi adostu dituzte epaimahaikideek Jauregiri saria emateko. Alde batetik, Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, "hein handi batean, euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu dituela" defendatu dute. Gainera, gogoeta eta ikerketa horietatik "dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna" izan duela nabarmendu dute, "errepikatzeko modukoa, gainera". Bestalde, ikerketa teorikoa eta praktikoa konbinatu izana goraipatu dute, ulermenaren gaineko ikerketan aritu eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi baita. Eta, azkenik, bere ikerketarekin gizarte ekimenari "oinarri sendo bat" eman diola uste dute.

Jauregik atzo NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariari azaldu zionaren arabera, "ustekabez" jaso du berria. "Baina aldi berean, baita poza handiz ere, opari eder baten pare. Era berean, berehala gogoratu naiz azken urteotan bidelagun izan ditudan hainbat lagunez, haiek ere sari honen zati baitira", nabarmendu zuen.

Euskaraldia sortzeko aurrekaririk gertukoena Baietz 40 egun euskaraz ekimen "zoragarria" bada ere, urte askotan zehar aritu da beste proiektu batzuetan buru-belarri lanean. "Haren aurretik, urteak eman ditugu lan munduan Aldahitz ikerketa-lerroaren bidez (Soziolinguistika Klusterra) eusle metodologia bezalako esperientziak eta ikerketak egiten, eta horiek eman digute gerora etorri diren egitasmoetarako oinarri teoriko eta enpirikoa", azpimarratu zuen.

Abbadia Saria Euskaraldiaren bigarren edizioaren erdian jasoko du, azaroaren 27an alegia. Horrelako ekimenak euskara hedatzeko "funtsezkoak" direla uste du Jauregik: "Ez dago partida irabazterik entrenatu gabe. Euskararen normalizaziorako funtsezkoak izango diren jokabideak eta jarrerak plazaratzen ditu Euskaraldiak. Entrenamenduari esker, arrotza zaiguna etxeko egin dezakegu, zailtzat jo-tzen duguna egingarri bilaka dezakegu. Euskararen normalizazioa egunero jokatzen da, baina Euskaraldiak berekin dituen gogo-pizteak eta jokabide-astintzeak ezinbesteko entrenamenduak dira", esan zuen.

Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko.