- Donostian ekitaldi bat egin zuten atzo goizean Euskaraldiko epea zabaldu dela ospatzeko eta bertako alkateak, Eneko Goiak, eta hiriko eragile zein eremu desberdinetako hainbat pertsonek Bulebarrean jarritako haiman eman zuten izena azaroaren 20tik abenduaren 4ra martxan izango den Euskaraldiaren bigarren edizioan. Azaroaren 19ra arte zabalik egongo da izen ematea herritarrentzat.

Eneko Goiaz gain, bertan izan ziren Jon Insausti Euskara eta Kultura zinegotzia, Ainara Vazquez Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko ordezkaria, Imanol Agirretxe Realeko futbolari ohia eta oinarrizko futbolaren egiturako kidea, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidentea, Jone Laspiur aktorea eta Parte Zaharreko Euskara Batzordeko zenbait kide.

Donostiako alkateak adierazi zuenez, lehenengo edizioa "ekimen bikaina" izan zen. "Niri, pertsonalki, asko balio izan zidan txipa aldatu eta jende gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz egiteko. Eta ez bakarrik Euskaraldiak iraun bitartean, ondoren ere ohitura horiek aldatzen joateko baliagarria izan zitzaidan", azpimarratu zuen Goiak.

Horrez gain, Donostiako Udala Euskaraldiarekin konprometituta dagoela azaldu zuen. "Arigune dezente jarriko ditugu martxan eta uste dut oraingoan duela bi urte baino askoz ere gehiago konprometitzen ari garela", esan zuen alkateak.

Euskaraldiaren lehenengo edizioan 18.000 ahobizi eta belarriprestek hartu zuten parte Donostian. Aurten, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean eguneroko inertziak aldatu eta parean dagoenarekin zein hizkuntzatan hitz egin nahi den adosteko aukera eskainiko du berriro Euskaraldiak. "Bagera kideok ez dugu zalantzarik ekimenarekin bat egiteko garaian; izan ere, euskalgintzak subjektu aktibo izan behar duela uste dugu euskararen erabilera areago-tzeko bidean", azaldu zuen Vazquezek.

Guztion artean hizkuntza ohitura berriak sortzeko ingurunea eraiki nahi du Bagerak ekimenaren bidez. "Balio dezala Euskaraldiak amesten dugun euskaraz bizi den Donostia irudikatzeko hamabost egunez, eta baita hortik aurrera ere. Bigarren edizio honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzea da gure egitekoa", esan zuen Vazquezek.

Ahobizi edo belarriprest izatea erabaki ondoren, www.euskaraldia.eus webgunean eman beharko da izena. Pandemia garaia dela eta, antolatzaileek izena online ematea gomendatu zuten.

Hala ere, izena emateko kaxak ere jarriko dira Donostiako kultur etxe eta hainbat leku publikotan. Izena eman ostean, azaroaren hasieran ahobizi edo belarriprest txapak jaso ahal izango dira herritarrek izena ematerakoan aukeratutako lekuan.

Aurtengo edizioan, Donostiako 230 entitatek Euskaraldian parte hartzeko izena eman eta ariguneak eratu dituzte. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bertako partaideak ahobizi edo belarriprest izango dira eta antolakun-tzak gogorarazi zuen horiek ere izena eman behar dutela Euskaraldiaren webgunean.

Herritarrek euskaraldia.eus webgunean eman behar dute izena, baina Donostiako hainbat lekutan kaxak ere ezarriko dituzte horretarako