urreko mende hasierako idazle edo pentsalari baten bizitzari buruz irakurtzean, lilura puntu bat sor-tzen zait hauek kafeetan eztabaidatzera elkartzen zirela ikusteak. Beste zeregin handirik ez, agian hemen dago gakoa, eta arratsalde pasa joaten ziren beren gisako beste zenbaitekin elkartu eta ika-mikan aritzera, ordu luzeetan zehar. Kafea eta kafea ez zirenak hartuko zituzten noski, eta zenbaiten bizitza-bideak ezagututa, behin baino gehiagotan ahaztuko zitzaien ordaintzea, ala agian tokiko jabeak gonbidatuko zituen tarteka, jendea ekartzearen truke. Jantzi eleganteak, betaurreko borobilak, bibote eta bizar orraztuak eta sabairainoko ke zutabeak imajinatzen ditut gainera, ziur aski errealitatetik urrun xamar nagoela jakinda ere.

Garai horretan ez zegoen ez Twitter ez Facebook-ik, eta eztabaidak, zentzurik onenean, aurrez aurre izango ziren halabeharrez. Tertuliek bere benetako zentzua zuketen eta ez telebista kameren aurrean egiten diren antzezpen horiek, eta fake news-ak ere egongo ziren noski, baina ahoz ahokoan gehienak. Albiste itxurako propaganda horiek egiaztatzeko aukera gutxiago ere izango ziren noski, eta Sarajevon Franz Ferdinand hil zutela esaten bazuten metro erdi zabaleko egunkari horietan, sinistu egin behar.

Gaur egun baditugu informazioa kontrastatzeko eta bila-tzeko nahikoa baliabide, eta benetan harritzen nau jendeak egitik gutxi eta interesetik asko duten testu eta iruzkinak partekatzeko duen joerak. Birus madarikatu honek ekarri dizkigu maskarilla eta gelak, baina baita korrontearen aurka doazelakoan, konspirazio zaleak ere. Lehen tabernako barra parean zuten tribuna, eta orain tabernak ere erdi debekatuta dauzkagun honetan, digitalizatu dira iritziak.

Hauen ustez korronteak eramaten gaitu, artalde gara, eta eskerrak haiek dauden guri begiak irekitzeko, euren argiz gu argi-tzeko. Idazten dizuen hau ez da inor baino bizkorrago, ez eta zientzialaria ere, baina tira, ikusitakoak ikusita, eta batez ere zifrak kontuan hartuta, birusa nahiko kaltegarria dela ohartu naiz. Ez dut inor izutu nahi inondik inora, eta larritasuna norberaren baitan dago hein handi batean, baina zer nahi duzue esatea, zientzia eta Miguel Bosé-ren artean, ez zait zaila egiten aukeratzea.

Manifestazioak ere izan dira munduan maskara jarri nahi ez dutenek antolatua. Jakin gosea piztu didate bertaratutakoek. Ez nuke asmatuko lehenengo kolpean ezker edo eskuinekoak diren, hippie ala liberal, negazionista, antimaskara, antitxerto edo zer gisakoak ote diren. Erreakzio azkarreko pentsalari libreen elkartea deituko diet, ea inor mintzen ez dudan. Ilustrazio garaiko aldarrikapen bat ere ekarriko nuke, eta pentsa dezatela artalde garela, bildots, baina agian sineskeria eta konspirazio teoria horiek guztiek baino, zientziak bizitza gehiago salbatuko dituela pentsatu beharko genuke.

Orain, datu guztiak sinetsi behar ez direla ere esango dizuet, Txinan aspaldian kutsatu diren bakan horiek kanpotik ekarritakoak dira eta. Gauza txar guztiak bezala, kanpotik.

Hurrengo kafea nire kontu.