Kilometroak-en orain arteko jai handiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatu du aurten Villabona-Zizurkilgo Zubimusu ikastolak irailaren 28an hasi eta urriaren 4ra bitartean Korri. Punpa.Ttak lelopean.

Ez da urte samurra izan Zubimusu ikastolarentzat. Eredu berriari erantzungo zion Kilometroak antolatzeko ardura zuen aurten, eta hasierako asmoak betetzea ezinezkoa izan bada ere, Kilometroak jai berrituaren muinari eutsi zaio. "Urte luze honetan gure gaitasunak proban jarri ditu koronabirusak, baina ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz", azaldu zuen atzo egindako agerraldian Nerea Zumeaga Zubimusu ikastolako zuzendari-gerenteak.

Hain zuzen ere, Zubimusu Ikastolaren zutarria den 2ZIA proiektua izango da Kilometroak Astearen ardatza: "Ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatza gure ikastolan, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz", gehitu zuen.

Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak azaldu moduan, 2019ko urrian Zubimusu Ikastolaren eskutik eta Gipuzkoako gainontzeko ikastolen babesarekin ekin zioten eredu berriaren diseinu praktikoa lantzeari. "Zubimusu Ikastola gidari zela, lurraldeko gainerako ikastolek ardura handiagoak hartu zituzten, arropa salmentan edo TAnta elkartasun txartelen banaketan lagunduz, besteak beste. Tolosaldeko eta Oarsoaldeko ikastolekin milimetroak jaialdi txikiak ere antolatu dituzte", esan zuen.

Pandemiak beren asmoak behar bezala garatzen utzi ez arren, Artolak argi utzi nahi izan zuen Kilometroak ez da jaialdi huts bat: "Ikastolen arteko zaintza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elika-tzeko ekimena da. Kilometroak euskaraz bizitzeko espazioa da".

Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiko koordinatzaileak azaldu moduan, hitzaldiak, erakusketa, bertso-saioa, Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena, antzezlanak, kontzertuak eta abar izango dira Kilometroak Astean.

Egungo egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da ekitaldietarako aurrez sarrera eskuratzea. Bertso saiorako sarreren prezioa hamar eurokoa izango da, eta kon-tzerturako, haurren emanaldirako eta igandeko omenaldirako sarrerak, doan. Hala ere, doan diren ekitaldietarako ere sarrera beharko da.

Bertso saiorako sarrerak kilometroak.eus helbidean, Zizurkilgo Iriarte etxean eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu ahalko dira. Kontzerturako, haurren ikuskizunerako eta omenaldi ekitaldirako, aldiz, kilometroak.eus webgunean.

Irailak 28-urriak 3. Kilometroak historian zehar erakusketa Zizurkilgo Atxulondo aretoan.

Urriaren 3a arte. Mendimetroak egitasmoa. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo inguruetan barrena egiteko sei ibilbide, LHko haurretatik hasi eta DBHko gazteek egin ahal izateko.

Urriak 1. Biharko Euskal Eskola mahai ingurua Amasako kultur etxean (19.00). Parte-hartzaileak: HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastolak.

Urriak 2. Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena Zizurkilgo Iriarte kultur etxean (18.00) eta Zirtotsak bertso saioa Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin eta Amaia Agirre gai-jar-tzaile lanetan, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan (19.00).

Urriak 3. Sei urtetik gorako haurrentzako Kalean otso, etxean uso antzezlana Villabonako Errebote plazan Andoni Ollokiegiren kontzertua (20.00).

Urriak 4. Lekukoaren emate ekitaldia Zizurkilgo Joxe Arregi plazan (11.00) eta Zubimusuko komunitateari zuzenduta Zer ginake gure amon-aitonik gabe? izenburupean solasaldia Txerminen (12.00).