- Datorren urrian osasun krisiaren aurretik zituen erabiltzaileen %80 berreskuratzea aurreikusten du Lurraldebus Gipuzkoako Foru Aldundiaren autobus bidezko herri arteko garraio publikoaren zerbitzuak ; diru-sarrerak ez proportzio berean, ordea, eta horrek "eragin handia" izango du erakundearen kontuetan.

Hala ohartarazi zuen Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietako ba-tzordean, Mugi tarifa-integrazioko sistemaren bilakaeraren berri emateko agerraldian.

Romerok Lurraldebusaren uda honetako erabilerari buruzko datuak eskaini zituen. Udaberrian izandako jarduera eskasaren ondoren, Lurraldebus uztailean hasi zen erabiltzaileak berreskuratzen, COVID-19aren pandemia gertatu aurreko eskariaren %65era iritsi zelarik.

Romerok azaldu zuenez, abuztuan emaitza %60ra iritsi zen, "ohiko datuak baino pixka bat ahulagoak"; bere esanetan, irailean autobusen erabilera "igotzen hasi da", eta hilabetea %70 ingururekin amaitzea espero dute.

Mugikortasuneko arduradunaren ustez, osasun-egoera nabarmen aldatzen ez bada, urrian zehar aurretiazko eskariaren %80ra iristea aurreikusten da. Hala ere, "ez da diru-sarreren %80 berreskuratuko", beraz, "eragina handia izango da aurtengo eta datozen urteetako aurrekontuetan", aurreratu zuen Romerok; inolaz ere, ekitaldia itxi arte ez omen dute zehaztasunez jakingo kalte ekonomikoa zenbaterainokoa izan den.

Lurraldeko garraiobide publiko guztiak barne hartzen dituen Mugi sistemari dagokionez, diputatuak esan zuen pandemiaren "eragina" arintzen ari dela, bere sailak bidaiarien eta langileen "segurtasuna bermatzeko" ezarri dituen ezohiko neurri soziosanitarioei esker.

"Eskariak behera egin arren, zerbi-tzuak kendu arren, maiztasuna eta edukiera murriztu arren, eta segurtasun eta garbitasun neurriak kontuan hartuta ere, - esan zuen -, mugi txartela herritarren %85ak erabiltzen du oraindik ere".

Bere azalpenean, Mugiren bilakaera errepasatu zuen, 2013an martxan jarri zenetik, eta baita 2019ko apiriletik aurrera ere, Renfek bat egitearekin, orduan elkartu baitziren garraio publikoko operadore guztiak Gipuzkoako tarifa-sistema bateratuan.

Romeroren hitzetan, txartelak garraio publikoaren erabiltzaile berriak "sortzea lortu du". Gaur egun, bidaiarien %87k Mugi erabiltzen du, eta "%13k, berriz, eskudirutan ordain-tzen jarraitzen du, kopuru hori, geroz eta txikiagoa delarik". Batez besteko datu hori handiagoa da zenbait zerbitzutan, besteak beste, Errenteria, Oiartzun eta Donostiako autobusetan (%90, 91 eta 88, hurrenez hurren).