- Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babesa du Beldur Barik lehiaketak, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria zuzendaritzarena, Euskal Herriko Unibertsitatearena (EHU) eta EiTBrena ere. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta Eudelek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean.

Atzo lehiaketaren 11. edizioa hasi zen. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, 12 eta 26 urte arteko gazteei zuzenduta, indarkeria sexista prebenitzeko asmoz.

Emakundek jakinarazi duenez, Beldur Barik lehiaketa da izen bereko programaren ekintza nagusietako bat. Aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusaren eraginez. Ezohiko egoerak gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. "Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela", azaldu du.

Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: Nik, etxean eta kalean, Beldur Barik Jarrera;Nik, bakarrik eta taldean, Beldur Barik Jarrera; eta Nik, gau eta egun, Beldur Barik Jarrera'. Urte berezi honetan gertatzen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da leloen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre, alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

2020ko edizioan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean egongo da zabalik. Parte hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategoria 12-13 urtekoentzat da; bigarrena, 14-18 urtekoentzat; eta hirugarrena, 19-26 urtekoentzat. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke.

Kategoria bakoi-tzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dituzte. Horrez gain, herri bozketaren bitartez, 300 euroko parte-hartze saria emango dute, eta ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria.

Lan sarituak azaroaren 20an aurkeztuko dituzte. Banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Halere, ekitaldia www.beldurbarik.eus webgunean emango dute zuzenean. Gainera, euskal artistek sari banaketa girotuko dute.