- Garbiketa, eskola-jantokiak eta eskola-garraioa "feminizatutako, ikusezin bihurtutako eta prekarizatutako hiru kolektibo" direla salatzeko grebara deitu dute irailaren 15erako ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Sindikatu berberak izan ziren Euskal Autonomi Erkidegoko sare publikorako eta itunpekorako deialdia egin zutenak lehengo astean, eta, atzo, iragarri zutenez, hezkuntza arloko azpikontratek ere grebara joko dute.

Sindikatuek atzo kaleratutako agiri bateratu batean azaldu zutenez, deialdiaren arrazoia "negoziaziorik eza, prebentziorako eta segurtasunerako neurrien planifikazioa, osasun-alarmako egoera batean, ikastetxeetako, jantokietako eta eskola-garraioko garbiketan" oinarritzen da.

Azken hilabeteetan, sindikatuek hainbat bilera eskatu dizkiete Hezkuntza Sailari eta azpikontratatutako enpresei, ikasleen eta langileen segurtasuna bermatuko duten kontingentzia-planak negoziatzeko. Abuztuaren amaieran, adierazi zutenez, "Hezkuntza sailburuak iragarri zuen aurrekontu-partida gehigarri bat bideratu zela garbiketa zerbitzurako, egungo egoerari erantzuteko", baina "kontratatu diren errefortzu apurrak neurri epelak dira ehunka ikasle hartzen dituzten zentroak desinfektatzeko" eta, gainera, "gaixotasunagatiko bajak bete gabe daude".

Eskola-jantokiei eta eskola-garraioari dagokienez, sindikatuek azaldu zutenez, "gaur egun, aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin, ez dute negoziatzen eta ez digute esaten nola antolatuko diren zerbitzuak"; izan ere, "agerikoa da baliabide gehiago behar direla, langile gehiago kontratatu behar direla eta ratioak jaitsi behar direla zerbi-tzu segurua eta kalitatezkoa eskaini nahi badugu".

"Gaur egun, enpresek eta Hezkun-tza Sailak ez digute informaziorik eta erantzunik ematen. Milaka langilek ez dakite zein baldintzatan eta zein neurrirekin hasiko diren lanean", salatu zuten atzo kaleratutako agirian.

Greba-deialdi honek irakaskuntza presentzialean egiten duen lanaren "garrantziaz ohartarazi" nahi duela azpimarratu ondoren, sindikatuek "segurtasun-neurriak planifikatzea eta garatzea" eskatu dute beren lana egin ahal izateko, eta, horregatik, beste behin ere, Hezkuntza Sailari eskatu diote "kolektibo guztiekin negoziatzera eser dadila, konponbiderik onena bilatze aldera".

Segurtasun-baldintzak, lanpostu guztiak eta langileen osasuna babesteko "irailaren 15ean, garbitzaileek, jantokiek eta eskola-garraioko langileek greba egingo dugu", adierazi zuten. Hortaz, irailaren 10ean, 18:00etan, mobilizazioetan parte hartuko dutela iragarri zuten, eta, ostiralean, irailaren 11n, 11.00etan, elkarretara-tzea egingo dutela Bilboko Arriaga Plazan.