375.000 eurorekin lagunduko du Aldundiak Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia

Gizarteak etorkizunean izango dituen erronka nagusiak eztabaidatzeko plaza bihurtuko du Gandiaga zentroa ekimenak, eta udazkenean hasiko da martxan

08.09.2020 | 11:55
375.000 eurorekin lagunduko du Aldundiak Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia

DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 375.000 euroko dirulaguntza onartu du astearte honetan, Arantzazu Gaur Fundazioaren alde. Lerro honen helburua Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzea da, ekipamenduetan inbertsioak egin eta ekimen berria abian jartzeko. Eider Mendoza foru bozeramaileak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du eta, sakondu duenez, helburua Arantzazu elkargune bihurtzea da, "gure gizarteak, epe ertain eta luzean, etorkizunean izango dituen erronka nagusiak eztabaidatzeko, betiere oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik abiatuta, kasu honetan herritarren inplikazio zuzenaren bidez".

Gaur goizean agertu da hedabideen aurrean Mendoza, aste honetako Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Arantzazu Gaur Fundazioak jasoko duten laguntzaren kasuan, baliabide hauekin finantzatuko dira erakundeko langileen gastuak, bidaia gastuak, jardunaldien antolaketa, komunikazio gastuak eta kanpo-aholkularitzak€ eta baita ere espazio fisikoa egokitzeko, sare azpiegitura instalatzeko eta ekipo informatikoak eta ikus-entzunezko ekipamendua erosteko inbertsioak. Gandiaga zentroan kokatuko da laborategia eta udazken honetan martxan hastea espero da; ingurumena eta gizartegintza ardatz hartuta, berrikuntza sozialerako laborategi bihurtuko du Arantzazu.
Bozeramaileak, bere hitzaldian, Etorkizuna Eraikiz eta Arantzazuren artean dauden loturak izan ditu hizpide. "Ezagun duzue Etorkizuna Eraikiz ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu nagusia lurraldeak dituen erronkei eta sortzen diren beharrei erantzuteko, zein lurraldearen etorkizunaren eraikuntza partekatuari ekiteko. Egun bizi dugun testuinguruan, COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginpean, inoiz baino garrantzia gehiago du mota honetako ekimenak martxan jartzea", esan du. "Etorkizuna ziurgabetasunez beteta ageri da; honen aurrean geldirik geratu beharrean, guk, Gipuzkoak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eskutik, dauzkagun erronkei eman beharreko erantzunen bila ari gara, modu kolektiboan eta gizartearen parte hartzeari irekita", gaineratu du.

Abiapuntu honetatik hasita, Etorkizuna Eraikizek lan egiteko modu edo gobernantza eredu zehatza defendatzen du: irekia eta lankidetzazkoa. "Hori praktikan jartzeko, ezinbestekoa da ikaskuntzarako eta berrikuntzarako gune irekiak sortzea, pertsonak eta erakundeak elkarreraginean aritzeko, elkarlanean jarduteko. Azken batean, elkarrekin lan egiteko lekuak ahalbidetzea, erronkei aurre eginez, proposamenak sortuz, edo agenda publikoaren arazoei irtenbideak bilatuz. Beraz, ez da leku bakar bat, truke edo deliberazio egoerak ahalbidetzen dituzten leku fisiko edo birtualen batura baizik", azaldu du. Eta, gehitu duenez, ekosistema horretan txertatuko litzateke Arantzazuko laborategiaren proiektua.

Mendozaren ustetan, proiektu berritzaile honek "%100ean" egiten du bat Etorkizuna Eraikizen filosofia eta lan egiteko moduekin. Arantzazuk historian zehar izan duen papera ere nabarmendu du, "balio sinboliko" handia izan duen lekua izan baita, bai Gipuzkoarentzako zein Euskal Herriarentzako. "Erlijiotasun eta espiritualtasun gune garrantzitsua izan da eta, Frantziskotarren Komunitatearen eskutik, mundu gizatiarragoa eta hobea lortzeko gunea izan da kristautasunetik abiatuta. Eta, aldi berean, espazio eraldatzailea eta berritzailea ere izan da, besteak beste euskara, arte, literatura, pentsamendu eta musika esparruetan", adierazi du. Mendozak gehitu duenez, jende anitza erakarri izan du Arantzazuk betidanik, sentsibilitate eta aukera desberdinak dituzten pertsonen elkargune bihurtuz.
Tradizio hau oinarri hartuta, Frantziskotarren Komunitatea, Arantzazu Gaur Fundazioaren esparruan, Aldundiak orain diruz lagundu duen Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzea bultzatzen ari da. Topaleku honetan landuko diren gai zehatzei erreparatuta, ingurumena eta gizartegintza ardatz izango ditu proiektu eraldatzaile honek: hau da, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa langai izango dituen berrikuntza sozialerako laborategia. Azpimarratzekoa da baita ere, Mendozak nabarmendu duenez, ekimenak erakarri duen eragile kopurua: Aldundia bera, Oñatiko Udala, hiru unibertsitate (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon), Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta beste hainbat eta hainbat eragile ekonomiko eta sozial.

"Laborategi honen azken helburua Arantzazu erreferentziazko nodo bihurtzea da, gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta, azken batean, gizatiarragoa lortzeko. Arantzazuko tradizio historikoarekin bat etorriz, elkargune bihurtzea da laborategiaren berezitasun nagusia, zehazki, herritarrek topagune gisa erabili ahal izateko, eta gure gizartearen beharren eta erronka nagusien gain esperimentatzeko, betiere entzute eta ikaskuntza aktiboaren bidez", nabarmendu du Mendozak. Zehaztu duenez, Gipuzkoan badaude elkarlanerako eta lurraldearen etorkizunari buruz hausnartzeko bestelako espazioak, baina aintzat hartu gabeko espazio bat geratzen zen, "agenda politiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokiona". Hain zuzen ere nitxo horretan esku hartuko du Laborategiak, zeinaren jomuga nagusia den Gipuzkoako herritarren etorkizun pertsonal eta zibiko onena lortzeko lan egitea.