- COVID-19 gaitzak eragindako pandemia dela eta, Arantzazuko frantziskotarrek hala erabakita, irailaren 9an meza nagusia soilik egingo da eta agintariei ez zaie ohiko harrerarik zein aurreskurik eskainiko. Bestalde, Oñatiko bandak eman ohi duen kontzertua eta oñatiarren oinezko erromesaldia ere ez dira ospatuko.

Juan Ignacio Larreak, Arantzazuko Santutegiko Goardianoak, atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, festaburua horrela ospa-tzearen helburua “kutsatzeko arriskua murriztea da”.

Meza nagusia basilikaren edukierara mugatuta egingo da eta ospakizunera joan nahi duenak gonbidapena jaso beharko du Arantzazuko oroigarrien dendan, Oñatiko Txokolateixian eta egunean bertan, basilikaren kanpoaldean. Bi txartel har ditzake pertsona bakoitzak gehienez, eta elizara sartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena aurkeztea.

Irailaren 9ko elizkizuna 12.00etan hasiko da eta Segura Irratiak zuzenean eskainiko du. Hala ere, sarrera nagusiko ateak ordubete lehenago, 11.00etan, zabalduko dituzte jende pilaketak ekiditeko. Halaber, mugikortasun murriztua dutenek dorre handiko sarrera erabiltzeko aukera izango dute basilikara sartzeko.

Arantzazuko frantziskotarrek mezara garaiz iristea gomendatu dute, eta musukoaren erabilera eta eskuak gel hidroalkolikoz garbitzea derrigorrezkoa izango dela jakinarazi dute.

Arantzazuko Ama Birjinaren eguna berezia izango da aurten, izan ere, irailaren 9an 70 urte beteko baitira Arantzazuko Basilika berriaren (1950-1955) lehen harria jarri zutenetik.

Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek diseinatu zuten tenplua eta XX. mendeko arte erlijiosoak izandako berrikuntzaren ikur bilakatu da.

Nahiz eta egoerak hala eraginda aurtengo ospakizuna xumea izango den, urteurren horren harira, Espainiako Itsuen Erakundeak (ONCE) Arantzazuko Basilikari eskainiko dio egun horretako kupoia.

Irailaren 9an 70 urte beteko dira Arantzazuko Basilika berriaren lehen harria jarri zutenetik eta ONCEk kupoia eskainiko dio egun horretan