Atzo itzuli ziren ikasleak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetara oporren ondoren. Pirineo Atlantikoetako 80.000 gaztek eskolarako bidea hartu dute berriz eta hamaika urte baino gehiago dutenek maskara jantzi behar dute derrigorrez ikasgeletara sartu ahal izateko. Familiek musukoak erosi behar dituztenez, Pirineo Atlantikoetako kontseiluak erabaki du hamar babes eskain-tzea ikasle bakoitzari.

Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusienek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoaren atarian ez baitute batere begi onez ikusten Frantziako Hezkuntza Sailak ukatzea bertan murgiltze ikasgela zabaltzea. "Familia, irakasle eta hautetsiak ados ginen eta proiektu oso landua sortu genuen baina joan den uztailaren hamarrean ezezko borobila eman ziguten", esan zuen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak. "Herenegun Hezkuntza Ministeritzan egon ginen Parisen baztertu duten gure proiektua defenditzeko. Elkarrekin fermuki segituko dugu protestak egiten eta proposamenak aurkezten". Gaur egun, Seaskaren ikastolez gain, murgiltze eredua eskain-tzen dute 19 ikastetxe publikok eta beste 19 eskola pribatuk. Euskal hiztun berri eta osoak sortzeko denen beharra dagoela eta sare guztien ekarpenak beharrezkoak direla azpimarratu zuten bertaratutakoek. Jean René Etchegaray Hirigune Elkargoaren presidente zentristak deitoratu zuen aurrekoak bezala "jakobinoa" dela gaur egungo gobernua ere. "Oso larria da atzera egitea, onartezina da eta ez diegu egiten utziko. Ipar Euskal Herriak bere gain hartu du hizkuntza politikaren kudeaketa eta gure lehen biltzarrean aho batez onartu genuen Hiriburuko proiektua babestea". Max Brisson eta Mathieu Bergé bezalako senatari kontserbadore eta Akitaniako kontseilari ezkertiarrak gogoratu zuten murgiltze ereduan dabiltzan ikasle elebidunek elebakarrek baino emaitza hobeak lor-tzen dituztela. "Parisek ezin du gizartean dagoen eskaera eta adostasuna bat batean hautsi", zioten.

Marie Andrée Ouret Biga Bai elkarteko bozeramailearen hitzetan egoera biziki larria da Hiriburuko murgiltze ikasgelaren irekiera debekatzeaz gain Parisek bidea itxi baitie mota horretako proiektu guztiei. "Hiriburun sartzea egina denez orain ezin izanen dugu egoera aldatu baina mobilizatzen segitu behar dugu aniztasunean eta amore eman gabe".

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izenean Paul Bilbaok adierazi zuen debekua ulergaitza dela Ipar Euskal Herrian ere gero eta guraso gehiagok bat egiten baitute kohesioa eta berdintasuna bermatzen dituen irakaskuntza ereduarekin. "Hemendik aterako diren neska-mutikoek berdintasuna bermatuko lukete eta horren kontra jo-tzea deitoragarria da. Jasaten dugun izurriteak erakusten du gizarte zuzena behar dugula, eta, beraz, hezkuntzan murgiltze ereduaren alde egin behar da. Inbertsioa egiteko garaia da eta ez da egia euskarazko murgiltzeak frantsesaren gaitasuna apaltzen duenik". Bilbaoren arabera Ipar Euskal Herrian badago zer ikasi eragile eta hautetsi guztiek elkarrekin lan egiten baitute kohesioren alde eta ideologia guztien gainetik.

"Ez da egia euskarazko murgiltzeak frantsesaren gaitasuna apaltzen duenik"

Euskararen Erakundeen Kontseilua