- Noriega Benta Berri auzoko babes ofizialeko etxebizitza (BOE) batean bizi da, eta orain, etxea, Testa-Blackstone putre-funtsaren jabetzakoa da. Kalean geratzeko arriskuan dagoen bizilaguna, ordaindu ahal izango lukeen etxebizitza txikiago batera lekualda-tzerik ba ote legokeen aldarrikatu zuten Kaleratzeak Stop plataformak deitutako elkarretaratzean prozesua indargabe uztea eskatzeko.

Noriegak 63 urte ditu eta erretiroa hartuta dago. Pentsio “xume” bat kobratzen du eta 20 urtetik gora daramatza Benta Berriko pisu horretan bizitzen. Hala ere, gaur egun ezinezkoa zaio 800 euroko alokairua ordaintzen jarraitzea. “992 jasotzen ditut erretirotik, eta alokairua 800 eurokoa denez, ez zait iristen. Gastuak ala alokairua ordaintzea aukeratu behar dut. Beraz, apaltasunez, ordaindu ahal izango nukeen 400 eta 500 euro arteko etxebizitza txikiago bat eskatzen dut”, adierazi zuen Noriegak.

Blackstonek 2019ko urrian aurkeztu zion etxegabetze-agindua, Noriegak lau hilabete (apiriletik uztailera bitartean) ordaindu gabe utzi ostean. Hasiera batean, etxetik botatzeko data irailaren 9rako ezarri zuten, baina berriki argitaratutako epaian epaileak bertan behera utzi du data hori. “Hala ere, litekeena da bigarren hamabostaldirako ezartzea”, azpimarratu zuen Rosa Garcíak, Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak.

Horrez gain, Blackstonetik Noriegari jakinarazi diote azaroaren 30ean amaitzen den kontratua ez diotela berrituko eta giltzak itzuli behar dizkiela. Putre-funtsak babes ofizialeko 510 etxebizitza ditu Benta Berrin eta bertako bizilagunek badakite horietako batzuk libre daudela. Kaleratzeak Stop plataformak sarritan azaldu izan dio Blackstoni zein pisu dauden hutsik, eta Noriegaren birkokapenaren inguruan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan izan dira. Zentzu horretan, Jaurlaritzak “bere erantzukizuna onartzeko” aldarrikatu zuten, “onartezina” iruditzen baitzaie Lakuak babes ofizialeko etxebizitzen esleipenak ez kontrolatzea.

“Ez gara nekatuko putre-funtsen intrantsigentzia salatzen. Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzetara iritsi eta Inmobiliaria Vascongadaren etxebizitzak erosi egin dituzte, negozioa egiteko helburu hutsarekin. 2028tik aurrera, Benta Berriko babes ofiziala amaitzen denean, edo I.V.-Azorak indarrean dituen kontratuak amaitzen direnean, alokairuen prezioen igoerarekin espekulatu egingo dute”, salatu zuten.

Ildo horretan, Noriegaren kasua “beste askoren aurrekaria” izan daitekeela deitoratu zuten, eta “Victoria gehiago” egongo direla: “Bihotz oneko pertsona zordunak, egoera zaurgarrian egoteagatik ordaindu ezinean daudenak”.

Noriegaren etxegabetzea kosta ala kosta geldituko dutela adierazi zuen plataformak, eta Udalaren bitartekaritza eskatzen jarraituko dutela. Izan ere, 2015eko irailetik, plataformak aurkeztutako mozio bati esker, bankuek edo putre-funtsek eskatutako etxegabetzeetatik libre dagoen hiria baita Donostia, eta Udala bitartekari izatera behartuta dago, donostiar zaurgarriak beraien etxeetatik kaleratuak izan ez daitezen.

Noriegarekin eta Kaleratzeak Stop plataformako kideekin batera izan ziren elkarretaratzean EH Bildu, Elkarrekin Podemos, LAB, CCOO eta ESK-eko ordezkariak ere. “Beharrezkoa bada, Victoria etxetik bota-tzea pikete batekin eragotziko dugu”, esanez amaitu zuen Garcíak.

“Ordaindu ahal izango nukeen 400 eta 500 euro arteko etxebizitza bat eskatzen dut”

Etxegabetu nahi duten emakumea