- Euskaldunok gero eta gehiago gastatzen dugu etxeko gastuetan. Ura, elektrizitatea, gasa, janaria... Hala islatzen du Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, egindako azken azterlanak.

Zehazki, plazaratutako txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko familien guztizko kontsumo-gastua 31.371 miloi eurokoa izan zen 2019an, eta datu horrek erakusten duenez, aurreko urtekoa baino %1,3 handiagoa izan zen. "Familia bakoi-tzaren batez besteko gastua 34.423 eurokoa izatera iritsi zen 2019an (aurreko urtean baino %0,6 gehiago), eta 2015ean hasitako goranzko joerari eutsi dio, Eustatek landutako datuen arabera", adierazi dute, eta ondoren gaineratu: "Nolanahi ere, krisi ekonomikoaren aurreko gastu-maila parekatu zen ia, familien gastua 34.672 eurokoa baitzen 2008an; eta, hori guztia, unean uneko terminoetan".

Izan ere, datuak arreta eta zehaztasun handiagoz aztertuz gero, Euskadiko herritarrek etxeko kon-tsumoan gehiago gastatzen dute orain lehen baino, eta Espainiako gainerako lurraldeetako batez besteko ehunekoa gainditzen dute. Alegia, familia bakoitzaren batez besteko gastuak 2006-2019 arteko serie osoan izan duen bilakaera aztertuta ikus daitekeenez, Euskal Autonomia Erkidegoan batez besteko hori Espainiakoa baino handiagoa izan da aldi osoan; 2019an, zehazki, %13,8 handiagoa.

Eta zenbat gastatzen du pertsona batek, urteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? Datuen arabera, pertsona bakoitzaren batez besteko gastua 15.000 euro ingurukoa da, eta horrek, hilean mila euro baino pixka bat gehiago suposatzen du. Eustaten azalpenetan horrela azaldu dute gastu hori: "Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona bakoitzaren batez besteko gastua 14.524 eurokoa izan da 2019an, eta, urtetik urtera, %0,8ko igoera izan du. Aipatu beharrekoa da, gainera, Espainiako datua baino %19,5 handiagoa izan dela.

Pertsona bakoitzak egindako gastuaren bilakaerari dagokionez, EAEn gastuak gora egin du 2015. urteaz geroztik, eta pertsona bakoi-tzaren batez besteko gastua, 2008an egindakoa baino %7,0 handiagoa izan da 2019an".

Gastua multzoka kontuan hartuta, 2019an euskal familien batez besteko gasturik handiena etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldekoa izan da berriro ere, aurreko urtekoa baino %2,1 handiagoa izan delarik. Bigarren gasturik handiena elikaduran eta alkoholik gabeko edarietan egindakoa izan da, eta ia maila berean jarraitu du, 2018. urtearekin alderatuta %0,3ko igoera izan badu ere.

Aldiz, aurreko urtearekin konparaketa eginda, familiei honako gastu hauek murriztu zaizkie gehien: Altzariak, etxeko gaiak eta etxearen ohiko mantentzerako gaiak (-%10,0), Jantziak eta oinetakoak (-%5,0), Osasuna (-%2,7), Beste ondasun eta zerbitzu batzuk(-%2,4) eta Edari alkoholdunak eta tabakoa (-%1,9).

Hala ere, nabarmendu beharrekoa da, 2018tik 2019ra elikadura-gastuak, igoera txiki bat gorabehera ia egonkor mantendu arren, aurtengo bigarren hiruhilekoan gastu multzo hori igo egin dela iazko aldi berarekin alderatuta. Izan ere, Euskal Estatistika Erakundeak berriki egindako beste txosten batean zehazten denez, elikagaien salmentak ehuneko bost eta erdi inguru igo baitira. Elikagai horiek saltoki handietan saldu dira nagusiki, supermerkatuetan; eta, aurten, txikizkako saltokietako salmenta jaitsi egin da, harategietan eta fruta-saltokietan saldutakoa, besteak beste.

Azkenik, gastu-egitura kontuan hartuta, 2019. urtean eutsi egin zaio euskal familien kontsumo-egiturari, eta 4 gastu-talde nagusietan guztizko gastuaren %69,3 egin da. Haien artean, honako hauek nabarmendu dira: Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk (familien aurrekontu osoaren %34,0), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (%13,7), Jatetxeak eta hotelak (%10,9) eta Garraioa (%10,7). Horien atzetik, honako hauek kokatu dira: Beste ondasun eta zerbitzu batzuk (%7,3) eta Aisia eta kultura (%5,1). 2018. urtearekin konparatuta, ez dago aldaketa handirik gastuaren egitura horri dagokionean.

Orokorrean. Gastu-taldeak kontuan hartuta, 2019an euskal familien batez besteko gasturik handiena Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldekoa izan da berriro ere, aurreko urtekoa baino %2,1 handiagoa izan delarik. Bigarren gasturik handiena elikaduran eta alkoholik gabeko edarietan egin da, eta ia maila berean jarraitu du 2018. urtearekin alderatuta %0,3ko igoera izan badu ere. Familia bakoitzaren batez besteko honako gastu hauek murriztu dira gehien: Altzariak, etxeko gaiak eta etxearen ohiko mantentzerako gaiak, Jantziak eta oinetakoak , Osasuna eta Edari alkoholdunak eta tabakoa.

"Familia bakoitzaren batez besteko gastua 34.423 eurokoa izatera iritsi zen 2019an (aurreko urtean baino %0,6 gehiago), eta 2015ean hasitako goranzko joerari eutsi dio, Eustatek aztertutako datuen arabera", adierazi dute.

"Pertsona bakoitzaren batez besteko gastua 14.524 eurokoa izan da 2019an, eta urtetik urtera %0,8ko igoera izan du. Aipatu beharrekoa da, gainera, Espainiako datua baino %19,5 handiagoa dela".