Milioi bat euro baino gehiago gizarte ekimeneko erakundeen lana babesteko

Hirugarren sektoreko 100 erakundek baino gehiagok 310 proiektu eta jarduera garatuko dituzte deialdi honen bitartez

20.08.2020 | 10:32

Foru Aldundiak argitara eman du Gizarte Ekimenerako Laguntza Programaren deialdiari dagozkion dirulaguntzen ebazpena, zeinaren bidez 1.079.174,5 euro bideratuko dituen aurten. Programa horren bidez, Foru Aldundiak Gipuzkoako hirugarren sektorearen lana babesten du hainbat arloko proiektuak bultzatuz: esku-hartze sozialeko, prebentzio eta sentsibilizazioko, eta behar sozialen ikerketa eta berrikuntzako proiektuak; halaber, ekipamenduen erosketa babestuko du. Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak azpimarratu duenez, "hirugarren sektoreko entitate eta elkarteen sarea gure gizarte politiken ereduaren oinarrietako bat da, eta pandemiak azaleratu dituen behar sozialei ahalik eta erantzun onena emateko sustatzen jarraitu behar dugun ezaugarri bereizgarri bat».

Peñak adierazi duenez, gizarte ekimenerako laguntza programa "Gipuzkoan finkatutako laguntzen deialdi bat da"; izan ere, dirulaguntzen ildo horren bidez, Foru Aldundiak 10 milioi euro baino gehiago bideratu ditu azken 10 urteetan gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten entitateei laguntza emateko. Azken urteotan, lehentasuna eman zaie esku-hartze sozialeko proiektuei, "ezinbestekoak baitira gizarte inklusioan aurrera egiteko eta pertsona guztien aukera berdintasuna lortzeko. Helburu hori betetzeko ahaleginak egin behar ditugu krisi honetatik lehenbailehen ateratzeko, gure lurraldearen ezaugarri den kohesio sozialari eutsiz", adierazi du.

Horretarako, eta diru-sarrerek behera egin duten arren, Aldundiak programa horri eustearen aldeko apustua egin du, "funtsezkotzat" jotzen duelako hirugarren sektoreak bere jarduera bermeekin egiten jarraitu ahal izateko, eta COVID-19aren testuinguruan jasotzen dituen eskaerei erantzuteko. Horrela, 2020an, deialdiak 310 proiektu eta jarduera garatzea ahalbidetuko du: 98 erakunderen esku-hartze sozialeko 167 proiektu, 788.344 eurorekin; 68 erakunderen prebentzio eta sentsibilizazioko 84 proiektu, 220.181,5 eurorekin; gizarte premien ikerketa eta berrikuntzako 8 proiektu, 39.000 eurorekin; eta, azkenik, ekipamendua erosten lagunduko da 51 jardueratan, 31.649 eurorekin.


Mendekotasuna eta desgaitasuna, eta gizarte inklusioa


Proiektuen tipologiari dagokionez, nabarmendu behar da, alde batetik, mendekotasun eta desgaitasun arloei lotutakoen garrantzia (156 guztira), eta, bestetik, gizarte inklusioari lotutakoena (47). Joera hori areagotzen ari da azken deialdietan. Gainera, pandemiak sortutako egoeraren kudeaketarekin lotutako bost programa espezifiko babestuko dira. Deialdiaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abuztuaren 6an, alarma-egoeraren ondorioz eskaerak aurkezteko epea luzatu ondoren.

Programa honen funtsezko helburuak honako hauek dira: autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasunak eta desgaitasunak eragindako behar pertsonalak eta familiakoak prebenitzea eta horiei erantzutea; babesgabetasun egoerek eragindako premiei erantzutea; bazterketa egoerak konpontzea, pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea sustatuz; eta larrialdi egoerek eragindako behar pertsonal eta familiakoei erantzun egokia ematea. Honako arlo hauetan lan egiten da bereziki: gizarte inklusioa sustatzea, mendekotasunari eta desgaitasunari arreta ematea, boluntariotza sustatzea, haurrak eta nerabeak babestea, droga-mendekotasunak prebenitzea, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematea.

Esku-hartze sozialaren ildoari dagokionez (laguntza gehienak biltzen ditu), diruz laguntzen dira beharrei erantzuteko fase ezberdinak betetzen dituzten jarduketak, ikuspuntu integral batetik begiratuta: lehenik, hasierako harrera eta orientazioa; bigarren, arreta soziala, laguntza eta orientazio baliabideak, autolaguntzako taldea, banakako eta taldeko arreta psikologikoa, aholkularitza juridikoa, eta zailtasunak dituzten kolektiboetan komunitate-sozializazioko jarduerak; eta azkenik, aztertu beharreko arazoei lotutako prestakuntza ikastaroen antolaketa, eta horietan parte hartzea.

Diputatuak ohartarazi duenez, pandemiaren ondorioz, jada bazterketako egoeran zeuden pertsonen eta kolektiboen egoera okertzeko arriskua dago, baita kalteberatasun arazo berriak sortzeko arriskua ere, eta erronka horiek "aurre egiten ari ginen beste erronka batzuei gehitu behar zaizkie. Gero eta zaharragoa, pluralagoa eta konplexuagoa den gizarte batean bizi gara, eta testuinguru horrek erronka sozial handiak dakarzkigu; gainera, orain, pandemiak areagotu egin du erronka horiei erantzuna emateko premia. Desberdintasun horri aurre egiteak gure eztabaidagai nagusia izaten jarraituko du. Zorionez, gure lurraldean sare sozial eredugarria dugu, eta horrekin lanean eta aurrera egiten jarraituko dugu, elkarlanerako eta lankidetzarako hainbat bideren bidez, eta horien artean daude laguntza hauek, helburu komun hori lortze aldera ", gaineratu du.