Donostiako badian ustez ikusitako marrazo baten bila aritu dira

Ordubetez bainatzea debekatu eta ura miatzen aritu dira, baina ez dute berriro ikusi

10.08.2020 | 23:42
Sorosleak Kontxako hondartzan, jendeari uretan ez sartzeko eskatuz.

donostia – Atzo arratsaldean marrazo bat omen zebilen Donostiako badian. Berria berehala zabaldu zuten hondartzara gerturatutakoek eta sare sozialek. Batzuek txantxa zela pentsatu zuten, besteek ezin sinetsi... Uretatik ateratzeko eskatzen ari ziren sorosleei ere arraro begiratu zieten askok. "Marrazoa? Hemen? Bai zera!". Badaezpada, dena den, ordubetez bandera gorria jarri zuten Ondarretan eta Kontxan eta uretan sartzea debekatu zuten. Marrazoa bilatzen aritu ziren bitartean.

Arratsaldeko 17.15ean abisua eman zuten Ondarretako sorosleek, animalia ikusi zutela esanez. Tamaina txikiko marrazoa ikusi omen zuten kostaldetik gertu. Hala, horrelako egoeratarako prestatutako protokoloa martxan jarri zuen Donostiako Udalak eta, hasteko, bandera gorriak jarri eta uretatik ateratzeko agindu zieten igerian ari zirenei. Eguraldia kontuan hartuta, ez ziren gehiegi, baina bandera gorria ikusteak hala ere ingurutik pasatzen ari zirenen arreta ere piztu zuen eta pertsona gehiago gerturatu ziren, jakinminez.

Ordu horretan Kontxako badian Guardia Zibilaren patruila bat zodiac batean uretan zegoela azaldu zuen atzo Donostiako Udalak eta Udaltzaingoak hari eskatu ziola ingurua miatzeko, marrazoaren arrastorik topatzen ote zuen ikusteko. Ordu erdi inguru eman zuten badia osoa arakatzen, baina ez zuten ezer ikusi. Badirudi Aquariumarekin ere harremanetan jarri zirela, animalia topatuz gero adituren batek haren ezaugarriak aztertu ahal izateko, baina ez zuten horren beharrik izan.

Hala, 18.30ean berriro ere bandera berdeak jarri zituzten hondartzetan eta bainatzeko baimena eman zuten berriro.

Azkenean marrazorik ez, baina arratsaldea girotu zuen ustezko bisitariak hondartza ingurura gerturatu ziren donostiar askoren-tzat. Dena den, hain arraroa ere ez zen izango marrazoa Kontxatik gertu ikustea: noiz edo noiz horrelako bisitariak izan dira badian. Duela lau urte, esaterako, tamaina txikiko marrazo bat ia hondarreraino gerturatu zen.

Izurdeak ere iritsi izan dira Donostiaraino. Aurten bertan hildako baten gorpua heldu zen Ondarretara eta maiatzean talde bat Gipuzkoako kostaldetik gertu pasa zen.