- UPV/EHUko eta BC3ko hainbat ikertzailek elektrizitate kon-tsumoa eta sorkuntza etorkizunean nolakoak izango diren jakiteko proiekzioak egin dituzte. Horien bidez, horniduraren segurtasun-maila aurreikusteko aukera izan dute, bultzatuko eta baztertuko diren elektrizitate-iturrien arabera.

“Badirudi kontsumoak gora egingo duela hamarkadaz hamarkada, %1 baino gehixeago urtero. Elektrizitate-iturriei dagokienez, proiekzioen arabera, datozen hamar urteetan nabarmen gutxituko da ikatzetik eta iturri nuklearretatik sortutako elektrizitatea, eta, 2040. urterako, erabat baztertuko dira teknologia horiek”, azaldu du José Manuel Chamorro Gómez UPV/EHUko Ekonomia Publikorako Institutoko ikertzaileak.

Hartara, etorkizunean iturri-berriztagarriek pisu handia izango dute, baina badirudi horiek segurtasuna txikitzea ekarriko dutela. “Gaur-gaurkoz, martxan dagoen sistemak ez du horniduraren %100 bermatzen edozein egoeratan, baina ereduetan ikusi dugu eskariaren zati askoz handiagoa geldi daitekeela hornitu gabe etorkizunean, eta maizago gertatuko dela hornidura ezin bermatzea”, aitortu du Chamorrok.

Hori ikusita, iturri hidraulikoak malguago kudea daitezkeen horretan, era sakonean aztertu dituzte hauek eskain ditzaketen aukerak. Zentzu horretan, kudeatzaileek modulatzeko modu-koak dira zentral hidraulikoak, turbinara bideratzen duten ur-fluxua noiznahi egokitu dezaketelako. Beraz, hein batean hornidura falta izateko arriskua arinduko lukete.

Alabaina, ingurumenean eragina izango luke hori egiteak. “Ukaezina da zentralek eta presek eragina dutela ibai-arroetan. Administrazioek edo zentraletako eragileek joko-arauak zehaztu behar dituzte, eta arau horiek garbiak izan behar dute emari ekologikoei, deskarga-maiztasunei eta bestelako parametroei dagokienez”, gaineratu du.