DONOSTIA - Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Donostiako Ezkuzaitzetako industriagunean kokatuko den MUBIL-en eraikin fisikoaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa onartu du gaur. Guztira 519.000 euro bideratu ditu egiteko honetara, eta urte amaierarako edo 2021 hasierarako proiektua prest egotea espero du Aldundiak. “Bultzada nabarmena da MUBILentzako; izan ere, COVID-19 gaitzaren krisiaren testuinguruan ere, Gipuzkoako Foru Aldundi honek ekimenarekin duen konpromisoa berresten du beste behin ere. MUBIL Gipuzkoaren etorkizuneko apustu estrategikoetakoa da, eta mugikortasun modu tradizionalak ezbaian dauden honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da gure lurraldearentzat alternatibak lantzen hastea, abagunea baliatu eta gure lurraldearen espezializazio maila hobetzeko”, nabarmendu du Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Eider Mendoza bozeramailearekin batera, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Gogoratuko duzuenez, 2019ko apirilean sortu zen MUBIL Fundazioa eta, azken urte honetan, egitasmoa aurrerapausoa ematen joan da: 2019ko apirilean, Fundazioa osatu genuen; 2020 hasieran, berriz, Ezkuzaitzetako lursaila erosi zitzaioan Donostiako Udalari”, gogoratu du. Ondoren, pandemia zela eta, dena bezala proiektua geldituta egon zen, baina alarma egoera amaitzearekin batera “sendo” itzuli da aktibitatera: Ane Insausti zuzendaria izendatu da, Tolosako Usabal industriaguneko behin behineko egoitza ezartzeko obrak abian jarri dira eta Cidetec-ekin hitzarmena erdietsi da, MUBILen egoitzan laborategi aurreratua ezartzeko.

Erabaki sorta honi gaur onartu den Ezkuzaitzetako industriaguneko eraikinaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa batu zaio. 10.000 metro karratuko lursail batean kokatuko da MUBILen egoitza eta azpiegitura eraikitzea, aurreikuspenen arabera, 10 milioi inguru kostatuko da. “Zentro hau, ordea, ez da isolatuta egongo: helburua da bere inguruan elektromugikortasun edo mugikortasun modu berriei lotutako poloa sortzea; hau da, elektromugikortasunari lotutako industria jarduera sustatzea, bai lehendik dauden enpresetan, bai elektromugikortasunari lotutako beste jarduera berri batzuk sortuz”, esan du Aizpuruk.

Ezkuzaitzeta gauzatu bitartean, ordea, MUBIL errealitatea izango da, Tolosako Usabal poligonoko behin behineko egoitzan. Azpiegitura hau egokitzeko lanak martxan daude, eta urte bukaerarako prest izatea espero du Aldundiak. Honela egongo da banatuta: behe Solairuan sarrera kokatuko da eta 90 m2 inguruko showroom bat non MUBILen zergatia, helburua, aparteko balioaren proposamena eta bilakaera zein den kontatuko den. Lehen solairuan, 500 m2 dituena, kokatuko dira bulegoak; formakuntza gela bat, non ezagutzaren kudeaketaren esparruan lan egin ahal izango den, bertara enpresak gonbidatuz; eta enpresak egoteko leku finkoa, laborategia erabiltzen ari direnean tokia behar badute. Azkenik, bigarren solairua (1.400m2 + 250m2 (behe solairuan) Cidetec-eko laborategiarentzako erabiliko da. Energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua izango da, eta punta-puntako ekipamendua izango du, besteak beste mahai bibrakor bat. “Enpresa guztiek bertan izango dute aukera euren prototipo/produktuetan kontzeptu probak eta testak egiteko aukera”, adierazi du Aizpuruk.

MUBIL-ekin amaitzeko, duela aste batzuk lanean hasi zen Ane Insausti zuzendariari buruzko aipamena ere egin du foru diputatuak. “Esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean, eta lehen aste hauetan hori erakutsi du. Hori bai, erantzukizun oso garrantzitsua hartuko du bere gain, eta bere ardura izango dira Tolosako behin-behineko egoitza martxan jartzea, zentroaren hasierako proiektuak aktibatzea eta Donostiako Ezkuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena gauzatzeko urrats berriak ematea. Zorte ona opa nahi diot hasi berri duen ibilbide honetan”, laburbildu du Aizpuruk.