José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center fundazioko zuzendari nagusiak hitzarmen bat sinatu dute etxeetan sortzen diren elikagaien bazterkinak murrizteko proiektu berri bat garatzeko. Horretarako, plataforma informatiko baten bidez, herritarrei inkesta bat egitea aurreikusi da, bazterkin ohikoenak identifikatzeko.

Ondoren, eta lortutako informazio horretan oinarrituta, sukaldari-talde batek elikagai-taldeak aztertuko ditu, eta elikagai-baliabide beretatik abiatuta garapen gastronomikoak egingo ditu. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 10.000 euro jarriko ditu.

Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat lan-ildo jarri ditu abian azken urteotan elikagaien xahutzeari aurre egiteko; esate baterako, merkaturatu ezin diren janariak biltzea eta kolektibo behartsuen artean banatzea edo Gourmet Bag proiektua garatzea. Proiektu horren helburua da jatetxeetan eskatzen diren elikagai guztiak ez kontsumitzeagatik sortzen diren elikagaiak alferrik galtzea saihestea.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu du elikagaien xahutzea prebenitzea Departamentuaren ardatz estrategikoetako bat dela. Hondakin horretaz jabetu behar da gizartean eta ingurumenean duen eraginaz, eta zifrak murrizteko jardun. Gipuzkoan egindako hiri-hondakinen azken karakterizazioaren arabera, elikagai-xahutzea sortutako erreusen %2,4 inguru da. “Ezin dugu jarraitu beste pertsona batzuek behar dituzten elikagaiak alferrik galtzen; gainera, ondorio larriak eragiten dituzte baliabideen kontsumoagatik eta haien emisioengatik”, adierazi du foru-arduradunak. Gipuzkoan egindako kalkuluen arabera, 123.000 tona galtzen dira urtean nekazaritzako elikagaien katean.

Bestalde, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Center fundazioko zuzendari nagusiak, adierazi duenez, "BCC Innovationek, Basque Culinary Center-eko Gastronomiako zentro teknologikoak, uste du ezinbestekoa dela kontzientzia hartzea eta heztea, elikagai gutxiago alferrik galtzeko. Guretzat, proiektu honek aukera ematen du horrelako soluzio gastronomikoak gizarteratzeko".

Europako Batasunak baliabideak modu eraginkor eta jasangarriagoan erabiltzeko eskatzea erabaki du. Proposatzen dituen neurrien artean, elikagaiak alferrik galtzea murrizteko eta elikagaien segurtasuna indartzeko neurriak hartzera bultzatzen du bereziki. Horretarako, baliabideen eraginkortasunari buruzko ekimena onartu du. Ekimen horretan, elikagai jangarrien hondakinak murrizteko neurriak proposatzen dira.