zarraitz mendiaren (Izoarriz esaten zioten aspaldian) itzalean daude biak, bai, baina non ote zegoen bi herrien artean zegoen harritzarra edo haitza? Azkoitia eta Azpeitiari ez zieten horrela esaten duela 700 urte, Iraurgui baizik; eta ondoren, biak bereizte aldera, Miranda de Yraurgui batari eta Salvatierra de Yraurgui besteari. Egungo bi herrien izenak nondik datozen, ordea, argi omen dago ikertzaileen ustez. Ontziak garbitzeko xaboi-iragarki famatuan bezala, Goiti eta Beiti, Azkoiti eta Azpeiti. Aipatutako harri edo haitzaren goikaldekoak eta behekaldekoak.

Nondik ote datoz gure herri eta auzoen izenak? Batzuen jatorria asmatzerik ez dago, beste askorena atzeman daiteke, sumatu, eta badaude ere argiro beren jatorria erakusten dutenak ere. Horixe aztertu berri dute izenen azterketan adituak diren Patxi Salaberri eta Luis Mari Zalduak. Doktore tesia egiteko tenorean eta Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide gisa, besteak beste.

Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta Etimologia du izenburu liburuak. Argudio ugari eta hainbat misterio eta bitxikeria tarteko. Duela 1.000 urte baino gehiago egin dute atzera dokumentazioa biltzen eta euskal hizkuntzalari eta antropologoen lanak eta teoriak jaso eta aztertuz: Mitxelena, Mogel, Irigoien, Garibai, Salaberri, Serapio Mugica, Etxabe, Larramendi, Caro Baroja eta beste hainbat.

“Gipuzkoako herrien izenak jaso-tzen ditu (liburuak), izen horiek historian zehar aurkezten dituzten formak eta duten edo duketen etimologia azalpena; eta duketen diogu, hau eremu labainkorra delako, kontu handiz ibiltzea eskatzen duena, irrist egin nahi ez bada behintzat”, aitortzen dute autoreek. “Zuhur-tziaz” egindako lana dela aitortzen dute behin eta berriz. Hona hemen, aurrerapen bat.

Tira ba, jarrai dezagun utzi dugun tokian: Ahezgoitia, Ahezkoitia..., Azkoitia azkenik. Vrazuetia, Haezpetia, Hezpatia... Azpeitia azkenik. Haitzaren goikoaldekoak eta behekaldekoak, esan bezala. Loiola inguruko harriren bat izango zen biak banatzen zituena, “menturaz”, baina argi dute ikerlari guztiek toponimo argiak direla, hau da, inguruak edo tokiak markatuta daudela.

Toponimo argiak dira Gipuzkoako herri eta auzoen hainbat izen, nahiz eta zenbaitzuren jatorriak eztabaidarako gaia ematen duen. Haun artean: Aduna, Aia, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, An-tzuola, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Deba, Donostia, Elgeta, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Getaria, Gipuzkao, Goiatz, Hernialde, Hondarribia, Ibarra, Ikategieta, Irura, Itsasso, itsasondo, Mendaro, Mutiloa, Olaberria (aspaldian ere Zeba esaten zioten, baina honi ez diote atzematen jatorria), Orendain, Orereta, Orexa, Orio, Pasaia, Segura, Soraluze, Zegama, Zerain, Zestoa, Zubieta eta Zumarraga.

Uraren ondoan, zuhaitzaren azpian, mendi magalean. Goian, pasabidean... Horietako asko azaltzen dituzte. Beste askok, antroponomo bat dute oinarrian, izen nagusi bat, famili baten izena, alegia.

Guztiz argi ez daudenak ere badira: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Albiztur Alkiza, Arama, Beasain, Beizama, Bidania, Eibar, Elgoibar, Errezil, Hernani, Idiazabal, Irun, Larraul, Leaburu, Legazpi, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Ormaiztegi, Tolosa, Urnieta, Usurbil, Zizurkil eta Zumaia.

Eta izena nondik hartu duten inork asmatzen ez duen horietakorik ere bada, halanola: Aizarna, Amasa, Asteasu, Baliarrain, Bergara, Elduain, Itziar, Lezo eta Zarautz bera. Teoria eta argudio desberdinak ematen dituzte, baina “ilunxkak” esaten diete autoreek.

Gipuzkoako herri izen ia guztiek jasan dituzte aldaketak. Fonetikak eraginda askotan. Gutxi batzuek, ez: Mutiloa edo Gabiria, adibidez; horrela esaten zieten duela 700 urte eta berdin idazten ziren.

Erdi Aroan sortutako modek ere beren lorratza utzi zuten hainbat herriren izenetan. Erdi Aroan jaiotako horiek desirazkoak eta ustez zorte oneko izenak ziren: Alegia, Billabona, Billafranka (Ordizia), Billarreal (Urretxu), Mondragoe (Arrasate), Plazentzia (Soraluze) eta Segura.

Por saber que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, a que nos ponemos nombre Montdragon”, dio 1260ko dokumentu batek. Europako beste leku batzuetan ere, Frantzian esaterako, ezaguna den mons draconis, dragoiaren mendia, dugu, bete-betean, Erdi Aroan modan egon ziren izen taldean sartzen dena.

Beste hainbat izen zahar ponpoxo ere izan ziren Gipuzkoan: Belmonte de Usurbil (Usurbil), Marquina de Suso (Eibar eta Soraluze) Marquina de Yuso (Elgoibar), Miranda de Iraurgui eta San Martín de Iraurgui (Azkoitia), Monterreal de Deba (Deba), Salvatierra de Iraurgui (Azpeitia), Santa Cruz de Çestona (Zestoa), Villagrana de Çumaya (Zumaia), Villamayorde Marquina (Elgoibar), Villanueva de San Andrés edo San Andrés de Eibar (Eibar).

Zeltak ere, indoeuropear jatorrikoak, badaude gure artean: Beizama, Zegama eta akaso Arama ere bai.

Baina toponimiari begira azaltzen dira herri askoren izenak. Aia, adibidez, aldapa. Aiak aldapa esan nahi du. Toponimo deskribatzailea dela uste dute, aldapan egoteari zor zaiona. “Iturri asko eta oso ur onekoak” omen zituen Urnietak eta horrelaxe garatu zen bere izena gaur egun arte.

Beste askotan, zuhaitzak agertzen zaizkigu. Altzaga: haltz ugari dagoen tokia. Baita Altzo ere. Amezketa, “ametz ugari dauden tokia”. Aretxabaleta: Aretx, haritza, zuhaitza, haritz zabalaren lekua, beraz;edo haritz zabalen tokia. Astigarraga: astigar zuhaitz izena da oinarria eta aga leku-ugaritasunezko atzizkia. Lizartza: lizarrak erraz ateratzen ziren tokia. Urretxu, Urreitz, Hurritza zuhaitz izenetik; Ezkio (Ezquiaga, 1055, Ezquioga ondoren: ezki zuhaitz izena eta leku-ugaritasunezko aga atzizkia luke oinarrian. Ezkiak dauden tokia; edota Zumarraga, “toponimo argia”, oinarrian zumar zuhaitza duena.

Antzuola, antzinako Ançuela, “garbi asko dago”, autoreen ustez antzu, “ernari, gelditu zen etxola” zela. Belauntzan, aldiz, bele ugari ikustenzituzten ikerlari batzuek eta belaia (zelaia), besteek. Eskoriatza, “funtsean burdinolen hondarrak botatzen ziren lekua.

Hernialde: Hernio mendian oinarritua. Salaberri eta Zalduaren ekarpenetako bat, “azalpenik errazena Hispanian lekukotuta dagoen Ernius izenean pentsatzen da”.

Hondarribia: Undarribia (1180), Fonte Rabia (1203), Fontem Rabiam (1234), Font Arrabia (1245) , azalpen argia eta koherentea iruditzen zaie autoreei beste hainbat ikerlarik azaldutakoa, hondar eta ibia (hiria) dituela oinarrian, alegia.

Ibarra, ibi, ibaiaren ertza. Ibaiaren ertzekoak, akaso. Idiazabal ere 1199. urtean Iviazabal idazten zuten. Hor ere, ibi oinarria, berriro ibaiaren er-tza, zabala, kasu honetan.

Ikaztegieta: Madril Txiki esaten zioten. 1349ko dokumentuetan Ycazteguyeta bezala jasoa. Honekin ez dago zalantza handirik. Ikaztegi eta ondoren, eta atzizkia ditu osagai. Egur ikatza egiten den lekua. Hau da, ikaztegiak dauden tokia.

Itsasok eta Itasondok itsasoarekin zerikusirik ez dutela ere azaltzen du liburuak. Oinarrian isats edo itsats landare izena dagoela dio. Lezok Bizkaiko Lezamaren zerikusirik ote duen galde-tzen diote euren buruari eta Orio (1178an Orio ere), Olius izenetik abia zitekeela uste dute, antroponimia. Eta ez horia koloretik, Oria ibaiaren ertzeko garai bateko loreen koloretik baizik. Zestoak Sestaoren (Cestao ageri da aspaldian) jatorri bera duela uste dute ere. Sextus antroponimotik abiatuta.

Donostiak izen desberdinak izan dituela eta egungoa, hirugarrena dela ere azaltzen du liburuak: “Hiçurun izan zen lehena eta ondoren Don Bastian edo Don Bastia. Leireko dokumentazioan ageri den Izurum, Iru-chulo, hizu zulo hiru itsas sarrera interpretatzen dute.

Gipuzkoa: Ipuzcua (934). Upuçcoa (1007)... Mogelek izenari l (ele) hizkia falta zaiola zioen: Quipulza edo Quipultza izan behar lukeela eta adiera: tipuletan emankorra, “fecundo en cebollas” dela. Osagaiak, honen arabera, quipul, tipula, eta ugaritasunezko za edo tza dira.