alerta mundial por el coronavirus

"Euskal Herriko sagardotegien %61ak irekiko du uda garai honetan"

12.06.2020 | 00:18
Euskal Sagardoa jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publikoetako ordezkariak, atzo, Chillida Lekun.

Atzo eman ziren ezagutzera 48 sagardotegik egindako 60 sagardoak –250 sagargileren sagarrekin eginak–

Lurrintsuak, iraunkorrak, indartsuak eta garraztasun markatua dutenak. Horrelakoak dira Euskal Sagardoa jatorri-deiturako iazko uztako sagardoak eta orokorrean, aurreko uztarekin alderatuta, alkohol graduazio baxuagoa dute sagarrek azukre gutxiago zutelako.

"Euskal Sagardoan oso iraultza polita dator, izan ere, 60 sagardo desberdin hauek dastatzen baditugu, sagardotegi bakoitzak bere estiloa duela konturatuko gara", nabarmendu zuen atzo Mikel Garaizabal sommelierrak Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2019ko uztako sagardoa aurkezteko Chillida Leku museoan egin zuen aurkezpenean.

Maiatzean aurkeztu nahi zuten botilaratutako uzta berria, baina egoerak hala eraginda, atzo eman zituzten ezagutzera 48 sagardotegik egindako 60 sagardoak –250 sagargileren sagarrekin eginak–. 2019koa uzta handia izan da kopuruari dagokionez; guztira 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin.

"Uda ere garai ederra da sagardoaz gozatzeko. Aprobetxatu dezagun bertako produktu on bat daukagulako, gure lurrari erabat lotuta dagoena", nabarmendu zuen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.

Euskal Sagardoa 2016ko uztarekin sortu zen eta urte hauetan zehar ibilbide luzea egin du, bai sagastien eta produktuaren kalitateari begira eta baita merkaturatzeari begira ere. "Euskal Sagardoak oso etorkizun zabala du. Hala ere, egoera orain ez da erraza: Horeca sektoreek Euskadiko elikagai katean kalte handia izan dute. Horeca itxita egon da eta sagardoa hein handi batean Horeca da", azpimarratu zuen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordeak.

Zentzu horretan, sektoreak "aurrera" egin behar duela eta administrazioek horretan lagundu behar dutela defendatu zuen. "Aurten fakturazioa jaitsi egin da eta hori berreskuratzea zaila izango da. Horretarako, gure estrategian finantziazioa garatzea garrantzitsua da eta horretarako instrumentu bat dugu; bestetik, kontsumitzaile berrietara egokitu nahi dugu eta azkenik, promozioa egin beharra dago sagardoa kontsumitzen jarraitzeko", azpimarratu zuen Orozek.

berrikuntzak Une honetan Euskal Sagardoa jatorri-deitura Horeca kanalean posizionatzeko lanean ari da. Horri begira antolatu zuten 2020ko plangintza, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiak urteko promozioa pixka bat geldiarazi badu ere, berriro ekin diote lanari. "Produktuen dibertsifikazioan ere ari gara ahaleginetan. Berrikuntzak ditugu Euskal Sagardo gametan, formatu berritzaileak daude eta baita Euskal Sagardotik abiatutako produktu berriak ere", nabarmendu zuen Oihana Gaincerain Euskal Sagardoa jatorri-deiturako presidenteak.

Bestalde, sagastietan ere sektorea "lan handia" egiten ari dela azaldu zuen Gaincerainek. "Kalitatezko produktua egiteko kalitatezko sagarra behar dugu eta horretan ari gara. Pauso handiak eman ditugu, baina erronka handiak ditugu aurrez aurre; beraz, buru belarri lanean jarraitu behar dugu denok", esan zuen.

sagardotegien irekiera Aurtengo txotx denboraldiak oso gutxi iraun du, urtarrilean hasi eta martxoan sagardotegiak itxi behar izan zirelako. "Garrantzitsua izan zen martxoan, egoera hau guztia gainera etorri zitzaigunean, sektoreak elkarturik eman ziola itxiera ostalaritza jarduerari. Gaurko adibidea ere garbia da, sagardogileek ere elkartuta ematen diotelako uzta berri honi martxa berria", adierazi zuen Olatz Mitxelenak, Sagardoa Routeko koordinatzaileak.

Oraindik sagardotegietan txotx egiteko aukera egongo da, baina zalantzarik gabe, uda sasoian "protagonista nagusia" botila izango da. "Euskal Herriko sagardotegien %61ak irekiko du uda garai honetan, eta batez ere, botilaren estrategia honetara bideratuta", azpimarratu zuen. Gainera, sagardotegiek ere segurtasun protokolo guztia errespetatuko dute: distantziak, garbiketak edo zerbitzatzeko moduaren aldaketa, besteak beste.

lehen katalogoa Horrez gain, berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa aurkeztu zuten eta sagardotegi bakoitzaren informazioa eta sagardo bakoitzaren ezaugarriak jasotzen ditu. "Euskarazko bertsioa bakarrik atera da, baina gaztelaniazkoa ere laster iritsiko da", esan zuen Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaileak.

Interneten ere eskuragarri jarriko dute eta urtez urte aldatzen joango da, sagardotegiek egiten dituzten gauza berriak bilduz.