- Koronabirusak baldintzatutako egoeran, UEUk Udako Ikastaroen eskaintzarekin #ElkarEkin aurrera egiteko erronka ipini dio bere buruari. Datak moldatu, eta ekainetik irailaren hasiera bitartean, 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil eta Donostian. Guztiek 10 euroko prezio sinbolikoa izango dute. Zientzia eta euskarari buruzko jardunaldi birtualak emango die hasiera ikastaroei. Dagoeneko matrikula epea zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

“Koronabirusak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu eta baita UEUren egitasmoa ere; tartean, Udako ikastaroak. Duela aste batzuk ez genekien egin ahal izango genituen, baina azkenean #ElkarEkin aurrera egiteko erronka jarri diogu gure buruari”, adierazi zuen Kepa Sarasola UEUko zuzendariak. Sarasolak berak eta UEUren Udako Ikastaroetako arduradun Irati Iciar-ek hartu zuten parte aurkezpen ekitaldian.

Sarasolak berretsi zuen Udako ikastaroak UEUren “nortasuna, balio erantsia eta marka” direla eta gogorarazi zuen “dena online ezin dela egin”. Honen harira aurrez aurrekoaren ezaugarriak balioan jarri zituen. “Pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien elkartrukea gertatzen da; harremanak eta sarea egiteko aurrez aurreko elkarrekintza indartsuagoa da; udakoetan ikasle eta irakaslearen arteko mugak lausotu egiten dira elkarrekintza horretan”, aipatu zuen. Gainera, “udako ikastaroetan bizipenen bidez ikasten dela eta gogoeta uneak direla” azpimarratu zuen.

“Horrengatik guztiagatik, egoera ezohiko honek sortzen dizkigun arazoak aukera bihurtu nahi izan ditugu, ausartak eta sortzaileak izan, eta 48. Udako Ikastaroen eskaintza berezia osatu dugu. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu garai latz hauetan hau taxutzea posible egin duten antolatzaile eta babesle guztiei. Ilusio handiz aurkezten dizuegu aurtengo edizioa eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, osasun neurri guztiak hartuta, noski” esan zuen.

Iciarrek jakitera eman zuen 17 jarduera antolatuko direla -12 ikastaro eta bost jardunaldi - Eibar, Baiona, Iruñea, Donostia eta Usurbilen, uztailaren 13a eta irailaren 4a bitartean. Gainera “neurri bereziak” hartuko dira iraupenaren eta edukieraren inguruan; beraz, ikastaroak laburragoak izango dira eta taldeak txikiagoak, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko.