- COVID-19 gaitzarengatik ia 2.000 lagun zendu dira Euskal Herria osoan, gehienak Nafarroa Garaia, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Bertako erakundeek egunez eguneko datuak jakinarazten dituzte. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoko egoera zehatza zein den ordea ezin da jakin aldi honetan ere Frantziako osasun sailak Ipar Euskal Herria eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduko eta Akitania Berriko zenbakiak baizik eskaintzen ez dituelako. Hurrenez hurren 300 eta 4 680 kasu pasa daude bertan, Agence Régional de Santé - Osasun Lurralde Agentziaren arabera.

Erakunde horren bozeramaileek datu zehatzik eskainiko ez dutela adierazi arren, joan den apirilaren 27an Hervé Jonathan Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkariak jakinarazi zuen ordu arte hamar lagun zendu zirela Baionako erietxean, horien artean Landetako bi lagun, bertakoa da artatzen dituzten pazienteen %30. Osasun krisia hasi zenetik 127 koronabirus kasu artatu dituzte Lapurdiko hirinagusiko ospitalean, 50 bat bertan daude oraindik eta 75 pasa etxera itzuli ahal izan dira. Bestalde, Paueko ospitalean Atharratzeko (Zuberoa) gutxienez bi lagun zendu dira. Informazio ofizialaren falta dela eta, aldi honetan ere euskal prentsak jakinarazi behar izan ditu zenbait xehetasun, besteak beste, gaitzaren bi gune egon direla Atharratze eta Bokalen, eta zenbait eri izan direla ere Baiona, Miarritze eta Iholdiko hiru zahar etxetan. Lanean ari zela, patologia ba-tzuk jasaten zituen 60 urte inguru dituen hego Lapurdiko erizain bat eritu da ere.

"Telefono bidez 50 kasu diagnostikatu ditut eta Donibane Lohizuneko behin behineko osasun etxean 250 kasu ikusi ditugu gutxienez eta horiek ez dira inongo zenbaketa ofizialetan agertzen" deitoratu du Xabi Xabaño mediku lapurtarrak. Guillaume Barucq Miarritzeko alkate orde eta medikuak Iparraldean osasunaren tokiko behatokia sortzea aldarrikatu du. "Hirigune Elkargoak egin zuen azken bilkuran eskatu nuen jadanik. Elikaduraren behatokia sortu dugun bezala osasunarena eraiki behar dugu ere. Erantzun egokiak ekarri eta gai-tza behar den bezala borrokatzeko, lehenik argazki zehatza behar genuke. Iparraldean, 310.000 biztanle daude eta beste lurraldeetan baino gehiago bizitzen da eta gutxiago gaixotzen da", dio Barucq medikuak.

Egoera benetan zein den jakitea beharrezkoa da Xexili Foix Urdin Euskal Herria irratiko kazetariaren hitzetan. "Badakigu beste lurraldeak baino gutxiago hunkiak garela baina zenbat zehatz? Inork ez daki. Jendarteak hori jakin behar luke hemen ere arriskua dagoela ohartzeko". Zenbaki zehatzak baino maskara, test eta higiene produktuen banaketarekin zer gertatzen den galdetu du Itxaro Borda idazleak. "Elkartasuna sareak sortu dira beti bezala maskarak josi edo garbitzeko produktuak ekoizteko baina testak ezin ditugu egin. Agintariek arduragabekeria handia erakutsi dute eta baliteke gaia auzitegietan bukatzea odol kutsatuaren aferarekin duela zenbait urte gertatu zen bezala" bota du Euskal Herriko idazle oparoenetakoak. Baionako erietxean COVID-19arentzat prestatu zituzten lau zerbitzu berezietatik bakarra mantendu dute eta bertako suspertze sailan hiru paziente besterik ez dauzkate. Datozen egunetan, testak egiten hasiko dira eta segurtasun neurriak bermatzeko jendeak egin ahal izanen ditu ibilgailuetatik atera gabe. Fran-tziako gobernuak mota horretako 700.000 test egin nahi ditu astero.