Zubietako errausketa-instalazioa probaldian dago

Alarma egoera amaitzen denean emango diote behin betiko martxan jartzeko dokumentazioa Eusko Jaurlaritzari

05.05.2020 | 00:09

dONOSTIA – Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak hiri-hondakinen bilketa eta birziklatzeari buruzko 2019ko datuak ezagutzera eman zituen atzo prentsaurreko telematikoan. Bertan, koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoera amaitzen denean Zubietako errausketa-instalazioa behin betiko martxan jartzeko beharrezko dokumentazioa emango diola Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazu zuen.

Orain probaldian dago errausketa-instalazioa. "Egoera honek baimentzen duen mailan dago martxan. Probaldian egonda eta alarma egoera ezarri ondoren, guk ezin dugu instalazioaren funtzionalitatea handitu eta lehenengo mailan jarraituko du martxan, oraingoz", adierazi zuen Asensiok. Oraindik dokumentua osatzeko hari-muturren bat falta zaiela nabarmendu zuen diputatuak, baina alarma egoera amaitzen denean eta tramitazio administratiboa hasteko ahalmena dutenean, "aste gutxira" emango diote dokumentazioa Eusko Jaurlari-tzari.

Bestalde, urte honen amaieran hasi behar zuten Naturklima, Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Institutua, eraikitzeko lanek, baina 2021era atzeratu dute eraikuntza prozesua. "Proiektuarekiko interesa manten-tzen dugu, baina Gipuzkoako Foru Aldundian dugun egoera ekonomikoaren arabera ezarriko dugu data berria", zehaztu zuen.

Hala ere, Naturklimaren funtzionaltasuna mantenduko dutela nabarmendu zuen, duela urtebete baino gehiago hasi baitzen martxan. "Eraikuntzak, ordea, itxaron egin beharko du. Beharrezkoa iruditzen zaigu Institutuak leku finko bat izatea eta etorkizunean beharrezko tresnak izango ditu Naturklimak ikerketak eta bestelako lanak egiteko", amaitu zuen Asensiok.