uan Antonio Barinagarrementeria Lezoko Lur taberna eta jatetxeko nagusia da. Apirilaren 1ean urtebete egin behar zuen bere negozioarekin, baina COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamendua dela eta, jatetxea itxita dauka eta ezin izan du bere lehen urteurrena nahi bezala ospatu.

"Taberna eta jatetxea itxita dauzkagu. Zerbitzari bat ABEEE-n (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) dago eta emaztea eta biok ez dugu une honetan inolako diru-sarrerarik", azaldu dio egunkari honi Barinagarrementeriak. "Gainera, autonomoek ordaindu behar dituzten fakturak, gizarte-segurantzakoak eta Gobernutik pasatzen dituzten zergak iritsi zaizkigu. Kenduko dituztela esan bai, baina gezur hutsa da", gaineratu du.

Horregatik, beraien egoera nahiko "kritikoa" dela dio. Orain arte, aurreztuta zeukaten "diru apurrarekin" hainbat gauza ordaintzeko aukera izan omen dute. "Lokalaren alokairua ere ordaindu behar izan dugu. Jabearekin hitz egin dugu eta oso ondo portatu da gurekin; egia esan, oso emakume ona da, uler-tzen gaituela eta lasai egoteko esan digu", adierazi du jatetxeko jabeak.

Lur jatetxeak urte asko darama-tza zabalik, baina Barinagarrementeriak iaz hartu zuen negozioa; ordura arte, Errenteriako jatetxe batean egiten baitzuen lan. "Industrialdean dagoenez, astean zehar eguneko menuak ematen genituen eta ostiraletan eta larunbatetan beste bi menu ere eskaintzen genituen: bat 14 eurokoa eta bestea, 18 eurokoa", dio. Gainera, asteburuetan gauez hanburgesak eta plater konbinatuak ere eskaintzen zituzten. "Gure hanburgesa nahiko famatua da Errenterian lan egiten genuenetik, eta egia esan, ostiraletan eta larunbatetan oso ondo egiten genuen lan", aitortu du.

Konfinamendua hasi aurretik, egunero, batez beste, 30 pertsona ingururi ematen zioten jaten Lur jatetxean, eta tabernako barra ere funtzionatzen hasia zen. "Hainbat pintxo egiten genituen bezeroen-tzat, eta etxean egindako madalenak eta bizkotxoak ere eskaintzen genituen. Oso ondo egiten genuen lan eta guretzat oso galera handia da taberna itxita eduki beharra", azpimarratu du.

Lur jatetxea martxoaren 14an itxi zuten eguerdiko zerbitzua eskaini ondoren. "Gauean ixtea pentsatuta geneukan. Artean ez zuten jatetxeak ixtea derrigortu, baina jende asko ibiltzen zenez beldur nintzen", azaldu du. "Hala ere, aurreko egunetatik zenbait segurtasun neurri hartuta genbiltzan lanean: eskularruak janzten genituen eta zerbitzari batek maskara ere jartzen zuen ahoa estaltzeko". Gainera, bezeroei dirua ematerakoan eta zerbitzatzerakoan ere saiatzen ziren bezeroekin distantzia mantentzen, baina "nahikoa zaila" zela dio nagusiak: "Tentuz jokatzen saiatzen ginen, baina ahal zen neurrian", aitortu du.

Taberna itxi ezean, barraren aurrean sabaitik zintzilik plastiko batzuk jartzea ere pentsatu zuten, zerbitzarien eta bezeroen artean "hesi" moduko bat ezartzeko. Bestalde, mahai batetik bestera tarte handiagoa uztea eta jende gutxiagori jaten ematea ere erabakita zeukaten. "Baina orduan itxi egin genuen horrelakorik egin behar izan gabe", adierazi du.

Barinagarrementeriaren iritziz, itzulera "oso zaila" izango da. "Ez dakigu noiz eta nola irekiko dituzten berriro ere negozioak. Agian, lehentasunen edo beharren arabera egingo dute... auskalo. Gainera, tabernetan jende asko elkartzen denez, agian hasiera baten batzuk ez dute sartu nahiko. Asko hitz egin dugu egunotan horren inguruan eta nire ustez hondamendia izango da", esanez amaitu du.

Jabe berria. Lur jatetxea Lezoko industrialdean dago. Urte asko daramatza zabalik, baina Juan Antonio Barinagarrementeriak iaz hartu zuen negozioa; ordura arte, Errenteriako beste jatetxe batean egiten baitzuen lan.

Zerbitzua. Konfinamenduaren aurretik, astean zehar eguneko menuak ematen zituzten. Asteburuetan menu gehiago eskaintzen zituzten eta bertako hanburgesak nahiko ezagunak ziren.

"Lokalaren jabearekin hitz egin dugu eta oso ondo portatu da gurekin; oso emakume ona da"

"Zerbitzari bat ABEEE-n dago eta emaztea eta biok ez dugu une honetan inolako diru-sarrerarik"

"Asko hitz egin dugu egunotan itzuleraren inguruan eta nire ustez hondamendia izango da"