- Gipuzkoako osasun arloko profesionalen elkargoetako presidenteek adierazi dutenez (dentistak, erizainak, farmazialariak, medikuak eta albaitariak), egungo egoeraren larritasunak "oso zorrotzak" izatera behartzen ditu, "arduradun politiko eta sanitarioei erabaki eraginkorrak premiaz hartzeko eskatzerako orduan". "Eskura nahi dugu segituan gure profesionalen babeserako hornigaiak, eta testak ere berehala behar ditugu birusaren kutsatzea biderkatu ez dadin", adierazi dute.

Elkargoek onartu dute ez dakitela birusak kutsatutako osasun profesionalen datu zehatza, baina jakitun dira "borroka honetan lehen lerroan daudenez, zalan-tzarik gabe, ehuneko handi bat kutsatuta egongo direla".

Hori horrela, osasun langileek asistentzia jarduera "guztiontzako bermerik handienekin egin ahal izateko" ezinbestekoa den materiala eta ekipamendua eskura jartzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak "azkar eta irmo" egiteko eska-tzen dute, bai zentro publikoetan, bai pribatuetan.

Sektore publiko zein pribatuko Gipuzkoako 12.000 osasun-profesional baino gehiagoren ordezkari izanik, koronabirusaren aurkako krisi honetan egiten ari diren elkartasunezko lan izugarria nabarmendu dute, eta profesional horiei guztiei aintzatespena luzatu eta "indarra eman".

Bide batez, larrialdi egoera honetan Eusko Jaurlaritzarekiko eta herritarrekiko "erabateko konpromisoa" berretsi nahi izan dute; eta, amaitzeko, eskaria luzatu diote administrazioari, alor horretako erabakiak hartzerako orduan kontuan har ditzaten, osasun-arloko profesionalen kolektibo osoaren ordezkari gisa.