- Cáritasek eta Gurutze Gorriak, larunbatera arte, euskal gizartearen 517 laguntza eskaintza jaso zituzten hiru lurraldeetan. Gainera, Gurutze Gorriak eta Cáritasek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera, 193 boluntariok beharrezkoa den profila betetzen dutela balidatu dute aldi labur honetan. "Izan ere, lagundutako pertsonen eta boluntarioen osasuna zaintzeko, beharrezkoa da, plan honek kontuan hartzen dituen beste alderdi ba-tzuen artean, boluntarioek osasun-arazorik ez izatea", azaldu zuten atzo Eusko Jaurlaritzatik. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Elkartasun Antolatuko Guztion Artean Sarea martxoaren 17an jarri zen abian, eta etxetik irten ezin diren sintomarik gabeko pertsonen babesa bermatzeko behar-beharrezkoak diren oinarrizko zereginak egitera bideratutako elkartasun antolatuko ekimenak babestea du helburu. Zehazki, beren bizilekuan, bakarrik edo bikotekidearekin bizi diren eta familiaren laguntzarik ez duten 70 urtetik gorako pertsonei, mendeko pertsonei edo beste kalteberatasun egoera batean daudenei (administrazioek deribatuta) zuzenduta dago zerbitzua.

Hau da, zerbitzua eskatzen duten pertsonek laguntza behar izan dezakete eguneroko bizitzako premiei erantzuteko, hala nola premiazko hornigaiak eskuratzeko (elikagaiak, higiene eta garbiketa-produktuak eta beste batzuk, betiere premiazkoak), zaborra jaisteko, Osasun Txartel Indibidualean agindutako sendagaiak biltzeko, maskotaz arduratzeko (paseatzera ateratzeko edo larrialdiko albaitaritza arreta emateko) eta geroratu ezin diren izapideak eta kudeaketak egiteko. Boluntario izateko, beharrezkoa da patologia kronikorik ez izatea eta jarduera hasi aurreko 14 egunetan sintomarik agertu ez izana, ezta bizileku batera joan aurretik ere.

Gainera, beharrezkoa da 18-64 urte izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea. Gurutze Gorriak, 945 222 222 telefono zenbakiaren bitartez, laguntza eskaerak eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak jasotzen ditu, haien parte- hartzea bideratzen du eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio xehatuagoa ematen du. Cáritasek antzeko funtzioak betetzen ditu, eta, lagundu nahi diotenek, 688 662 773 telefono zenbakira deitu dezakete zuzenean.

Bestalde, "gogorarazi beharra dago betiON Telelaguntza Zerbi-tzuak, osasun-krisia hasi zenetik, areagotu egin duela erabiltzaileei (eta, bereziki, kalteberatasunik handiena jasaten dutenei) eskainitako arreta". Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak 54.330 erabiltzaile ditu. Guztien %77 emakumeak dira, %23 gizonak, eta batez besteko profila bakarrik bizi den adineko emakume batena da.