021eko martxoa. Urtebete daramagu etxean konfinatuta. Hamabost eguneko kontua zirudienak luze hartu du, eta dagoeneko epea luzatzen diguten bakoitzean desesperazio arinez hartzen dugu, zer erremedio.

Hasieran Whatsappak su hartu zuen, mezuak eta mezuak egun guztian zehar, memeak, bideoak eta beste mila txorakeria egunak arinago egiteko. Gero, konturatu ginenean zaila zela egunak arin-tzea telefonoari begira, pixkanaka jaisten joan zen mezutxo kopurua, eta gaur egun libre ginenean baina gutxiago jasotzen ditugu.

Etxean ariketak egiteko programak, irakurtzeko zenbait aldizkari eta telebista kate gehiago ikusteko ireki zitzaizkigun musutruk lehenengo hilabetetan. Gizakiaren solidaritatea edo borondate ona izango zen akaso. Baina bi hilabete pasatzerako bihurtu ziren berriz ordaindu beharrekoak, eta, zenbait, arrakasta dezenterekin gainera. Aspaldiko estrategia izan da hasieran doan engantxatzearena, gero beharrezko bilakatzen zaizunean txartelaren zenbakia eskatzeko. Lehen borondate onez emandakoa, borondate eske dator bueltan.

Telelanari dagokionez hasieran ba-tzuek gustura hartu zuten. Bazirudien ideala izango zela etxekoa eta lana kontziliatzea, baina laster etorri ziren kontrako pentsamenduak. Haurrak zituztenak konturatu ziren hogeita lau orduz zirela guraso, eta ezin zituztela eskolan zortzi orduz aparkatu, bitarte horretan guraso soilik ez eta pertsona izateko. Eta haurrik ez zutenen gehiengoak ere faltan botatzen zuen etxetik alde egitea, edo lanean kafe garaian norbaitekin hitz egite terapeutiko hori. Egunero-egunero maite dituzun horiekin egotea bonba bat bilakatu da, baina ezin etxetik alde egin, ateratzea debekatuta dago eta.

Maila politikoan hasieratik erabat deuseztatu ziren autonomia eskumenak. Jarraitu dute autonomia erkidegoan eta Katalunian kexuka, baina ordurako Espainiako armada sartua zen hiri eta probintzia guztietan. Labana sartua zen bizkarretik, denon hobe beharrez. Felipe seigarrenak aldiz bere horretan dirau. Aitaren herentziari uko egin zionaren itxura egin zuen, faktikoki ezinezkoa baitzen xaharra hil artean. Bere ipurdia arriskuan ikusi zuenean, arazoaren beste muturra moztea erabaki zuen, eta gainera, koronabirusaren krisialdi gorenean egin zuen, egunean zeuden ehunka kutsatu eta hildakok beste albiste oro eklipsatzen zuten bitartean. Behelaino itxia zegoela probestu zuen ezer egin ez eta ondo gera-tzeko.

Balkoietako txalo zaparrada eta kazola jotzeak ere bigarren hilabeterako agortu ziren. Osasun arloko langileek aski eskertu zuten lehenengo asteetan, baina gerora, hamabi orduko lanaldiak eta arriskuak txaloekin ez zirela ordaintzen eta euren eskubideak aldarrikatzen hasi ziren arrazoi guztiarekin. Berekoitzat hartu zituzten zenbaitek, euren lana beharrezkoa zela birus garaian eta ezin zituztela gaixoak alde batera utzi argudiatuz. Betikoa. Eurak gaixotzen hasiak ziren ordea nahi baino goizago, eta urteetan emandako murrizketek prezio garestiegia ordaintzera eraman gintuen. Arlo horretan ere.