Ikuspegi anitzek aberasten dute diziplina da arkitektura. Esku, belarri eta begietara material anitz interesgarria iristen da, batzuetan oharkabean pasa daiteekena eta bestetan ez, Lekore aldizkariaren azken zenbakia eta 1215. Katea-ren azken irratsaioa kasu, asko eman didate horretatik. Hiriaren inguruko zehar-lerrokako ikuskera gauzatzen dute, oso interesgarria, aberatsa eta ezustean pasa ezin daitekena. Hurrengo lerrootako estudioari horrelako detaile gutxi pasatzen zaizkio oharkabean.

Urte batzuk atzera eginik gutxik pentsatuko zuten mundu digitalak arkitekturan edukiko zuen eragina horrelakoa izango zenik. Programa informatikoek lana erraztetik ikuskera aldatzera lagundu dute. Horren adibide da Donostian errotzen ari den RAZ estudioa. Euskal Herritik kanpo ikasketak jorratzeak eragina izan du Jacek Markusiewicz eta Ander Gortazarren begiradan. Hiria eta arkitekturarekiko posizionamendu bitxia jorratzen dute eta horren adierazle dira gauzatzen dituzten proiektuak. Honela definitzen dira: "RAZ aditua da ingurune eraikiaren diseinuari aplikatutako modelizazio parametrikoan, erreminta digital, interfaze, datu-analisi, programazio bisual eta scripting-ean". Egitura eta altzarietatik hasita mugikortasun proiektu eta hirigintzara, diseinu-prozesu osoan zehar proiektuaren erabaki hartzeetan laguntza ematen dutelarik. Datu eta parametrotan oinarritzen dira, elementu desberdinen datuetan oinarrituz eta arkitekturara eramanez, ikuskera mamitsu batetik, betiere.

Argazkian San Martin merkatuan dagoen eta elkarlanean jorratu zuten Tesseract instalazioa ikus daiteke. Proiektuaren funtsa eta testuingurua Gabonetako argiterian ezartzen da. Historikoki gure hiri eta herriak argiztatzeko tradizioa egon da, eta pertsona askorentzat nahitaezko elementu bat bilakatu da. Donostia ez da salbuespena eta negu garaian bere argiteria azaleratzen du. Jendeari ilusio handia egiten dion elementua izanik ere, San Martin merkatuaren asmoa, egun jorratzen den argiztapenaren sinbolismo konbentzionalegia saihestea izan zen. Hala, zerbait esperimentalagoa sortzeko aukera izan zuten.

Helburu horretan oinarriturik, instalazioak interbentzio espazial eta berritzaile bat burutu zuen. Elementu soil batean oinarrituz, planteamendu interaktibo bat proposatu zuten. Teseraktua definizioz lau dimentsioko hiperkubo bat da. Gizakiaren pertzepzioak hiru dimentsio soilik hautemateko aukera ematen duenez, zaila da prozesu hori imajinatzea. Hala ere, hiru dimentsioko espazio batean proiektatu daiteke, bi dimentsioko pantaila batean kubo bat proiektatzen den bezala. Proiektua horixe bera da: lau dimentsioko hiperkubo baten proiekzioa (teseraktu bat) Donostiako San Martin merkatuko galeria nagusia den hiru dimentsioko espazioan.

INTERAKTIBOA Planteamendu interaktibo bat da, non, mugimenduan dagoen lau dimentsioko hiperkubo baten proiekzio tridimentsionala irudikatzen den, eta gerturatzen den pertsona partaide bilakatu daitekena. Bi elementuk osatzen zuten: argiteria egitura eta ukipen pantaila. Bolumenak 32 ertz, 24 aurpegi eta 8 zelula kubikorekin konektatutako 16 erpin ditu. Mugimendu efektua lortzeko, irudiaren errotazioa 4 gradutik behin izoztu zen, eta horren ondorioz, tarteko 22 posiziotan proiektatu zen hiru dimentsioko espazio batean. Egitura hiru metroko diametroa duten altzairuzko lau uztaiez egina zegoen eta 704 kablerekin konektatuak. Uztaiak, Villarceauren zirkuluak deritzenak, teseraktu birakariaren erpinek marraztuak, kable bakoitzak, 22 teseregintzetako baten ertz bat irudikatzen duen bitartean.

Erabiltzailea instalazioaren gidari bilakatzen zen ukipen-pantaila totem batekin, eta proiektu honetarako sortu zuten aplikazioarekin. Era honetan, lau dimentsioko kontzeptuaren azalpen interaktiboa gauzatu zen, eta instalazioaren portaera kontrolatzeko aukera ere ematen zitzaion erabiltzaileari: teseraktua lau dimentsioetan txandaka zezakeen, eta hiru dimentsioko espazioan bere itxura nola aldatzen zen ikusi. Led argien mugimenduarekin emaitza artistiko interesgarria eta dinamikoa lortzeaz gainera bisualki Tesseract ulertzeko balio izan du.

Matematikarekiko duten interesa konbinatuz, artea eta zientzia uztartu zituzten. Teknologia eta arkitektura. Pertsonak eta pedagogia. Elementu soil batekin (Gabonetako argiteria, kasu honetan) jendeak forma geometriko konplexu bat modu interaktiboan ikastea inplikatzea lortu zen. Proiektuari "baina" bat ezartzekotan interesgarria izango litzateke hauen atzean dagoen energia gastua proiektuan txertatu izana, erabiltzailea ere informazio horren jakitun izan zedin. Zaila da proposamen didaktiko hori hiri eskalara zabaltzea baina horrelako proiektuek erakusten dute elementu dekoratiboek, afektuak sortzeaz gain, pedagogia ere jorratu dezaketela. Adi etorkizunean etorriko diren parametroei, beraz.