- Kilometroak urriaren 4an ospatuko da aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilen, bertako Zubimusu Ikastolaren eskutik. 2020tik aurrera, jai egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira.

Azken lau urteetan Gipuzkoako Ikastolak "hausnarketa prozesu" batean murgilduta egon dira. Horren ondorioz, Kilometroak jaia "birsortu" dute. Aurtendik aurrera, "gure jendartea euskalduntzeko hezkuntza eremutik garatu behar diren bideen defentsa eta aldarrikapena sustatzeko" antolatuko da ekimena, Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak atzoko pren-tsaurrekoan nabarmendu zuenez.

Artolak adierazi zuenaren arabera, "jai parte-hartzaileak" izango dira eta bi ardatz izango dituzte: alde batetik, lurraldeko ikastola guztien parte hartzea bermatuko duen Ikastolak harrobi kulturala egitasmoak; eta, bestetik, Ikastola plazara izeneko dinamikak, Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzen bidez.

Gainera, ekintza eta egitasmo guztietan Gipuzkoaz kanpoko ikastolek ere hartuko dute parte, "Euskal Herriko naziotasuna" islatuko duten Kilometroak jaiak antolatuz. "Kilometroak berritze fase batean murgilduta dago, eta bere proiektua herri-onurarako ere antolatzen da: herritik sortua eta herritarrei eskainia. Horregatik, helburu hauek beteko dituen egitasmoak ere martxan jarri ditugu", azaldu zuen Nerea Zumeaga Zubimusu Ikastolako kudeatzaileak.

Egitasmo horietako bat Pello Mari Otaño ikerketa beka da. Mintzola eta Zizurkilgo Teodoro Hernandorena elkartearekin batera, aurtengo Kilometroak dinamikak ikerketarako beka bat eskainiko du. Bertsolaritzarekin lotura izan eta garaikidea ere baden gai bat iker-tzea du helburu eta apirilaren 2ra arte aurkez daitezke lanak -informazio guztia www.kilometroak.eus webgunean dago-.

Herri onurara bideratutako beste proiektu bat Euskal Herria ezagutu nahi gurekin? izango da eta atzerritik datozen bizilagun berriei harrera egitea da helburua. Pertsonen artean "harremana eta bizipen zuzena" sorrarazi nahi duen ekimena da eta horretarako, hiru txango antolatuko dira, garai ezberdinetan eta Euskal Herriko toki desberdinetara. Ekintza hori Tolosaldeko Ikastola guztien artean antolatuko dute.

Horrez gain, Kilometroak jai bat denez, "sentsibilizazio eta kontzien-tziazio" lana egin nahi dute ikastolek aisialdiaz eta jaiaz gozatzeko moduari buruz. Horretarako, protokolo bat adostu eta jendarteratuko dute.

Iaz Zubimusu ikastolatik abiatu zuten Milimetroak jaiari segida emanez, aurten hiru Milimetroak festa egingo dira, bakoitza gai baten inguruan: Tolosaldeko Milimetroak, Mundu ko lore lelopean, kultura arteko inklusioa sustatuko dute; Oarsoaldekoak, naziotasuna eta Euskal Herriak behar duen hezkun-tza-sistema aldarrikatuko dute; eta Debagoienekoek kooperatibismoa eta auzolana balioan jarriko dituzte.

Jaia. Gipuzkoako ikastola guztien jaia urriaren 4an ospatuko da aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilen, bertako Zubimusu Ikastolaren eskutik.

Fase berria. 2020tik aurrera, urte guztian zehar hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira eta Gipuzkoaz kanpoko ikastolek ere parte hartuko dute.

Milimetroak. Aurten hiru Milimetroak festa egingo dira.