- Audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko balio duen lehen euskal plataforma sortu du Elhuyarrek eta adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituta dago.

Gaztelaniaz eta euskaraz funtziona-tzen badu ere, euskaraz horrelako tresnak egotearen garrantzia nabarmendu du Elhuyarrek. "Euskara ezin da egon erraldoi teknologikoen estrategien menpe. Merkatu-interesetatik kanpo dago, bistan da, eta horregatik da garrantzitsua guk gure estrategia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea", adierazi zuen atzo Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusiak Adituren aurkezpenean.

Aurrez grabatutako fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du I+G lantaldeko ikertzaileek egindako plataformak. "Esteka jarri eta automatikoki transkripzioak, azpitituluen fitxategia eta hitz bakoitzaren denbora-markak adierazten ditu", azaldu zuen Igor Leturia Elhuyarreko hizketa-teknologien arduradunak.

Zuzeneko fitxategiei dagokienez, norbait mikrofonotik hitz egiten ari denean, aldi berean transkribatzeko aukera ere ematen du. Horrez gain, ediziorako interfase bat du plataformak automatikoki sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko.

Adituk hainbat sektoretako langileei lana errazteko balio du. "Uste dugu ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorearentzat, adibidez, oso baliagarria dela horrelako zerbi-tzu bat izatea. Dokumentalen edo saioen azpitituluak egiten laguntzeko edo elkarrizketak transkribatzean denbora aurrezteko oso erabilgarria da", nabarmendu zuen Leturiak.

Administrazio publikoari dagokionez, udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasotzeko ere balio du. "Pertsona eta makinen arteko elkarrekintzarako baliatu daiteke: hizketaz gidatutako makinak, laguntzaile birtualak eta dei-zentroak euskaraz jartzeko, hain zuzen", zehaztu zuen hizketa-teknologien arduradunak.

Aditu.eus webgunean bertan erabil daiteke, ordenagailuan nahiz mugikorrean, baina beste plataforma batzuetan ere erabil daiteke.

"Garrantzitsua da gure estrategia propioa garatzea eta burujabetzan sakontzea"

Elhuyarreko zuzendari nagusia

"Dokumentalen edo saioen azpitituluak egiten laguntzeko erabilgarria da"

Hizketa-teknologien arduraduna