donostia - Emakundek emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela gogoratu zuen atzo. Izan ere, aurtengo martxoaren 8ko kanpainak iraganean berdintasunaren alde borrokan ibilitako omentzen ditu, Katerik gabe, katean lelopean. Era berean, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko, belaunaldi berriei dei bat egiten die.

"Etorkizuna eraikitzeak zerikusi handia du iraganarekin. Berdintasunaren aldeko lana ez da hutsetik sortu, genealogia feminista bat existitzen da eta denboran zehar aldarrikapenari eusteaz arduratu diren pertsona eta gizarte-eragile askoren konpromisoa. Kate hau bultzatzen jarraitzeko belaunaldi berrien konpromisoa lortzea da kanpaina honen helburu nagusietako bat, gazteriak eraiki nahi duen etorkizuna bistaratzeaz gain", adierazi du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Gauzak horrela, M8ko kanpainak berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako hainbat urteurren gogorarazi ditu, esaterako, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena edo Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena. Honekin bat, Emakundek parte hartuko du NBE Emakumeak bultzatutako Berdintasunaren belaunaldia: emakumeen eskubideen eta etorkizun berdinzale baten alde kanpainan. Honen bidez, Beijingo Ekintza Plataforma sortzeko bidean ezinbestekoak izan ziren ekintzaileak, eta belaunaldi berrietako kideak elkartzen ari dira.

Beijingo deklarazio hori emakumeen eskubideak eta euren ahalduntzea sustatzeko funtsezko estrategia izan zen. Halaber, Emakumeen eta Berdintasunaren Legea EAEko berdintasun-politiken aurrerapenean mugarri izan zen.

Emakundetik azaleratu dutenaren arabera, kanpaina belaunaldien arteko topagune bihurtzea da helburua: "Hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egiten duten pertsonen eta gazteen topaketa irudikatu nahi du, eta, transmisio honen beharra azpimarratu, gizarteak aurrera egiten jarraitzeko eta berdintasun-espazioak irabazten jarraitzeko".

Aurtengo mugimendurako, irrati-iragarkiak, banerrak eta bideo bat prestatu dira. Ekoizpe hauek otsailaren 25etik martxoaren 10era bitartean ikusi ahal izango dira, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, erakundeek, ikastetxeek, osasun-zentroek, elkarteek, enpresek, kultur etxeek edota liburutegiek kartelak jaso dituzte, kanpaina are gehiago hedatu ahal izateko.

labur

Iraganetik

etorkizunera. Emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela gogoratu zuen atzo Emakundek. Izan ere, aurtengo martxoaren 8ko kanpainak iraganean berdintasunaren alde borrokan ibilitako omentzen ditu, Katerik gabe, katean lelopean. Era berean, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko, belaunaldi berriei dei bat egiten die.

Aitzindariak

gogoan. Aurtengo kanpainak Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena edo Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena gogoratzen ditu.