Orioko Arostegui ontziolaren aurrean dago une honetan Ortze izeneko eskola itsasontzi arrantzalea, kaira amarratuta. Hamabost urte baditu eta kanpoaldetik, behintzat, nabari zaio. 20 metroko luzera eta sei metroko zabalera duen ontzi txuri-urdina herdoilduta dago, barnealdean, ordea, Estatuko arrantza ontzirik modernoena da.

Duela hiru urte, 2017an, Ingeteam buru duen enpresa talde bat, Ortze, Estatu mailako lehen itsasontzi elektriko bihurtzeko lanetan hasi zen. "Emisiorik gabeko teknologiak garatzen ari ginen garai hartan eta itsasontzi honetan teknologia berri horiek instalatzeko aukera ikusi genuen", azaldu zion atzo goizean egunkari honi Juanjo Varela Ingeteam enpresako proiektuaren arduradunak Ortze itsasontzian bertan. Emisiorik igorri gabe nabigatzea da helburua, eta horretarako beharrezkoa den tresneria ipini diote dagoeneko ontziari: frekuentzia bihurgailuak, motorren gela eta baterien gela.

Ortzek propultsio sistema konben-tzionala erabiltzen zuen lehen, diesel erregaizko motorrarekin helizea mugiaraziz nabigatzen zuen. "Horren ondorioz, erregai asko kon-tsumitzen zuen, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kutsagarriak diren gasak igortzen zituen, eta gainera, sekulako zarata ateratzen zuen", adierazi zuen Varelak.

Hortaz guztiaz jabetuta, bere taldeak propultsio konbentzional horren instalazioa kendu eta apenas zaratarik ateratzen duen motor elektrikoa ezarri zion, Indar enpresak eginikoa; bateriek sortutako energia biltegiratzen duen sistema bat ere ezarri zioten. "Horrela, auto elektriko bat errepidean ibiltzen den bezalaxe funtzionatzea lortzen dugu, oraingo honetan, itsasoan nabigatuz", azpimarratu zuen arduradunak. Sistema berri honi esker, ibilbide laburretan, 20 eta 30 milia artean, gas kutsagarririk igorri gabe eta oso soinu gutxi ateraz nabigatu dezake Ortzek. Gainera, instalatu zaizkion bateriak portuetan kargatu daitezkeenez ingurumenari ia kalterik egin gabe funtzionatzen du.

ibilbide luzeak Ortze bezalako arrantza ontziek, hala ere, arrantzara itsaso zabalera irten behar izaten dute eta han pare bat egun igaro. Itsasontziari jarri dizkioten bateriek ez dute hain ibilbide luzeak egin ahal izateko adina energia biltegiratzen; arazo hori konpontzeko dieselarekin funtzionatzen duen sorgailu bat ezarri diote. "Horrek kutsatu egiten du, baina ibilbide luzeetan bakarrik piztuko dugu, motor elektrikoak premiazkoa duen elektrizitatea ekoizteko", aipatu zuen Varelak. "Kasu horretan, motor hibrido batez hitz egiten ari gara eta ez ibilbide laburretarako erabiliko dugun motor elektrikoaz", argitu zuen. Beraz, ibilbide luzeetan, diesel sorgailu horren eta baterien bitartez, motor elektrikoak funtzionatzen jarraitu ahal izango du. "Konbinazio hori ongi antolatu eta kudeatzen badugu, igortzen ditugun emisioak asko murrizteko aukera izango dugu bateriei esker", esan zuen arduradunak.

Laburbilduz, kostalde inguruan Or-tzek motor elektrikoa bakarrik erabiliko du eta ez du emisio kutsagarririk igorriko. Itsaso zabalera irtetzen denean, berriz, bateriek horretarako behar adina energia ematen ez dutenez, kutsatzen duen diesel sorgailuaren bidez funtzionatuko du motor elektrikoak.

beharrezko azpiegitura "Orain portuetan azpiegitura egokiak behar ditugu horrelako bateria handiak dituzten itsasontziek funtzionatu dezaten", aitortu zuen Varelak. Horrelako ontziak etorkizunean "nahitaezkoak" izango direla azaldu zuen, portuetan motorrak piztuta emisioak igortzen dituzten itsason-tziak zigortu egingo baititu legediak.

Baina, horretarako, ezinbestekoa da portuetan itsasontzietako baterientzako kargagailuak ezartzea. "Batez ere, garrantzitsuena ontzia konektatu eta erabiltzen den energia jatorri berriztagarriko iturrietatik iristea da; izan ere, horretarako ikatzezko zentral bat piztu behar izatekotan, ez baitugu ezertxo ere aurreratuko", gaineratu zuen.

eskola itsasontzia Berrikuntza hauei esker, Ortzeri "bigarren bizi-tza" bat eman diote. Hemendik 20 egunera itsasoan aproba egin eta maiatzerako guztiz erabilgarri egongo dela aurreikusten dute.

Ortze, nazioarte mailan erreferentea izango den eskola itsasontzi bihurtuko da, eta bertan formakun-tza profesionalerako eta ikerkuntzarako jarduerak gauzatuko dituzte euskal kostaldean barrena nabigatuz.

eskola itsasontzia

Kostatik hurbil. 'Ortze' eskola itsasontziak motor elektrikoa du eta kostatik gertu, 20-30 milia artean, emisio kutsakorrik igorri gabe nabigatzeko gaitasuna du. Horretarako, hainbat bateria ezarri dizkiote eta horien bidez lor-tzen da motorrak funtzionatu ahal izatea.

Kostatik urrun. Arrantza on-tzia denez, itsaso zabalera atera-tzeko ez du behar adina energiarik sortzen eta horretarako, diesel sorgailu bat ezarri diote.

Erabilgarri. Maiatzetik aurrera egongo da guztiz prest eta formakuntza profesionalerako eta ikerkuntzarako erabiliko dute.