donostia - Pobrezia arriskuan dauden haurren ehunekorik txikiena duen Estatuko autonomia erkidegoa da Euskadi, %10,4arekin. EAEren barruan, Gipuzkoak lortu du emaitzarik onena,%9,8arekin. Atzetik ditu Araba (%10,5) eta Bizkaia (% 10,7), AIS Group aholkularitza enpresak egindako ikerketa baten arabera. Habits adierazleetan oinarrituta egin dute azterketa, ezaugarri soziodemografiko eta ekonomikoetatik abiatuta tipologien araberako familien segmentazioa hartuta.

Aholkularitza horrek berak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, Philip Aston Pobreziarako Nazio Batuen Erakundeko arduradunak adierazi omen zuen Estatuan pobrezia arriskuan dauden haurren kopurua "espero zitekeena baino askoz handiagoa dela". Hari honekin jarraituz eta Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako azken datuen arabera, Espainiako Estatuan bizi diren haurren %26 pobrezia-arriskuan dagoen etxe batean bizi dira; hau da, 4tik 1 inguru.

Hala ere, Euskadiko kopurua ehuneko horretatik "urrun" geratzen da, baita Nafarroako %10,9 ere. Urrunago daude Asturias (%16,2), Katalunia (% 16,6) eta Aragoi (% 17,6). Badira, ordea, "datu kezkagarriak" dituzten beste eskualde batzuk: esate baterako, Extremaduran, 16 urtetik azpikoen %47,8, ia bi gaztetik bat, pobrezia arriskuan daude. Gainera, bertako Badajoz probintziako tasa da Estatuko altuena, ia %49koa. Extremaduraren atzetik, Kanariar Uharteak dira emaitzarik txarrena duen erkidegoa, irletako haurren ia %40 pobrezia arriskuan baitago.

Datu horien arabera, egoera "oso bestelakoa" da Estatuaren iparraldean, non pobrezia arriskuan dauden haurren tasa "neurritsuagoa" den. Daturik onena Euskadik du %10,4arekin; ondoren, Nafarroako Foru Erkidegoa dago, %10,9arekin, eta pixka bat urrunago Asturias,% 16,2arekin; Kataluniak,%16,6a du, eta Aragoik,%17,6a.

Pobrezia desagerraraztea NBEren 2030 Agendan lehen helburutzat agertzen da, eta baita desberdintasunak murriztea helburu duen 10. puntuan ere.