donostia - Aurten, Ertzaintzak 49 zaintza eta kontrol-kanpaina egitea aurreikusten du, udaltzaingoekin lankidetzan, istripu-tasan eragin handiena duten faktoreei espresuki erreparatuz: abiadura desegokia, gidatzerako orduko distrakzioak eta alkohola eta drogen kontsumoa. Gainera, talde ahulenak diren motorzale zein oinezkoei ere "arreta berezia" eskainiko zaie. Hala jakinarazi zuen atzo Sonia Diaz de Corcuera Segurtasun Saileko Trafiko zuzendariak, 2019an baino bost operatibo gehiago izango direla iragarriz. Kontrol hauen bitartez, bide-segurtasuna hobetu, gida-tzean arriskutsuak diren portaerak zuzendu eta zirkulazio-istripuek eragindako biktimen kopurua murriztu nahi da. Hain zuzen ere, iaz, euskal errepideetan izandako zirkulazio-istripuetan hildakoen %31 motorzaleak izan ziren.

Trafikok, erregistro horiek oinarri hartuta, azken kolektibo horretan abiadura-kanpaina espezifikoak areagotzea erabaki du, eta bigarren mailako errepideetan abiadura kontrola-tzeko kanpaina orokorrei ere "garran-tzi berezia" ematen jarraituko du. Ohikoak diren distrakzio eta alkohol eta droga kontrolak ere mantenduko dira, eta era berean, Lakuak kanpaina espezifiko gehigarri bat garatzeko asmoa du kamioien eta autobusen emisioen kontrola zaintzeko, eta beste bi VTC eta taxien kontrolerako.

Ildo honetan, Trafiko Zuzendaritzak prestatu duen egutegiaren arabera, hiriko bideetan, eskola-garraioetan eta salgaien eta pertsonen garraioetan harrapaketak saihesteko kanpainak egingo dira, bai eta gerrikoaren eta haurrak lotzeko sistemen erabilera kontrolatzeko ere, bigarren mailako bideetako baldintza teknikoak zaintzeko, eta azkenik, bereziki talde ahula den bizikleta zaleen kolektiboaren ingurukoa.

Iaz EAEn egindako zaintza kanpainetan 10.921 kontrol egin ziren; guztira 214.098 proba egin eta 22.327 arau-hauste atzeman ziren. Hori horrela, arau-hausteen ehunekoa %3,3 hazi zen 2019an, %10,4ra iritsiz.