Udazkena da eta ez du hotzik egiten. Aldaketa klimatikoa edo zortea den ez dakigu, baina gogoz jaso dugu egun eguzkitsua. Autobus handietan Malasiako ehunka turista iritsi dira. Azken egunetan Dubrovnik eta Mostar bisitatu dituzte eta orain Sarajevo bisitatzeko prest daude.

Tunel Spasa edo Esperantzaren Tunela atrakzio turistiko handia da Bosniako hiriburuan. Balkanetako hiria bisitatzen duten atzerritar askok gurutzatu nahi dituzte publikora irekita dauden 30 metroak. Bisitari askok mapa bat ikuskatu behar dute non dauden jakiteko, eta, noski, Bosniako gerraren gaineko hitzaldi labur bat entzun. Donji Kotoracklaeko 34. zenbakian gaude eta tunelaren sarrerako fatxada metrailek utzitako arrastoz beteta dago. Ez da adibide bakarra. Zulatuta dauden gorputz zaurituak dirudite ondoan dauden eraikin guztiek.

Edis Kolar bosniarrari, ordea, pasabideak ez dizkio oroitzapen onak ekartzen. Gizon bosniarrak hemezortzi urte zituen serbiar-bosniarrek Sarajevoren aurkako setioa hasi zutenean. Kolartarrak klase ertaineko familia arrunta ziren. Ez zuten hiriaren erdiguneko populazio kosmopolita ordezkatzen, baina ondo bizi ziren. "Setioa inposatu zutenean, gure familiaren etxearen kokalekuak salbatu egin gintuen", adierazi du Edisek. Kolar familia serbiar-bosniarrek kontrolatzen zuten gunetik kanpo bizi zen eta Sarajevoko aireportutik oso hurbil zuten etxea.

PASABIDEA HELBURU Edisen aiton-amonak, Sida eta Alija, ezagunak ziren Butmir auzoan. "Pertsona onak ziren. Gogoan dut amonak kontu ederrak kontatzen zizkigula kanpoan bonbardaketak entzuten zirenean", esan du Edisek, "lasaitu egin nahi gintuen". Egun batean, ejerzituan sartu berriak ziren hainbat gazte Kolartarrengana hurbildu ziren. "Aiton-amonei adierazi zieten haien etxe azpitik tunela eraikitzeko beharra zegoela. Helburua zen setiopean zeuden eremuetatik ateratzeko eta jakiak sartzeko pasabidea eraikitzea, alegia, aireportuaren beste aldean zegoen eremua hiriarekin batzea", gogoratu du Edisek. Gizon bosniarraren iritziz, aitonak eta amonak ez zuten bi aldiz pentsatu eta haien etxea utzi zuten.

Tunela 1993ko martxoan hasi ziren eraikitzen, pasabidearen alde batetik eta bestetik. Kolar familiak ere gau eta egunez lan egin zuen. Edisek eraikuntzan lan egin zuten herritar guztien argazkiak ditu ikusgai. Tunelaren ondoko museoan daude jarrita. "Omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu. Haien lanik gabe, Sarajevok amore emango zuen edo askoz pertsona gehiago hilko ziren".

Tunelaren eraikuntza 1993ko ekainean amaitu zuten. Pasabidearen ondoan idatzita dauden kartelek hainbat informazio eskaintzen dute. Turistek adi-adi irakurtzen dituzte datuak. Informazioa ez da nolanahikoa. Tunela jardunean egon zen bitartean, tonaka janari zein erregai sartu ahal izan zituzten setiopean zegoen Sarajevora.

ONDORIOAK Edisek distantziaren patxadarekin gogoratzen ditu aiton-amonen iraganeko egongela eta sukaldea. Sofa eta mahaia non zeuden erakutsi digu. Barruan badirudi denbora ez dela pasa; azpian berriz, beste mundu bat dirudi denak. Familiaren etxeak Sarajevok bizi izan zituen unerik ilunenak argitu zituen. "Aiton-amonek ordura arte eraikitako guztia, oroitzapenak... dena atzean utzi zuten tunela eraiki ahal izateko. Horregatik, ilobek haien omenezko museoa eraiki nahi izan dugu familiaren etxean. Haien esfortzua hutsala izan ez zela erakusteko". Sarajevo hiriburuko setioak 43 hilabete iraun zuen; gutxienez 11.000 herritar inguru hil zituzten eta eremua zeharo suntsituta geratu zen.

Orduz geroztik, memoria bizirik mantentzeko ahalegina egin du Edisek, eta, haren anaiarekin batera, tunela errekuperatzeko ahalegin handia egin du. "Momentuz 30 metro bakarrik bisita daitezke, baina gure helburua da lehenago edo beranduago tunelaren 800 metroak errekuperatzea".