"hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik". Honela zioen, Joxean Artze idazle ezagunak. Euskararen erabileraren inguruko kritika egiten zuen eta hizkutza erabiltzera bultzatzen zituen euskal hiztunak eta euskara ikasleak. Honen arira sortu da Mintzanet egistamoa, "euskaraz jarduteko aukerarik ez duen pertsona orori euskara praktikatzeko aukera ematea da zerbitzu sozial honen helburua" azpimarratu du Cristina Tapiak, proiektuaren koordinatzaileak. "Euskara gero ta jende gehiagok hitz egitea da asmoa" azaldu du.

Marama taldeak abenduan martxan jarritako ekimena da Mintzanet eta berezitasuna elkarrizketak egiteko Internet erabiltzen dela da. Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, bestelako ondorio positiboak ere baditu proiektuak; mugak ganditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fiskoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldunen kopurua handitzea.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, aurkeztu zuten egitasmo berria, Donostiako San Telmo museoan. Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, Etxepare Institutoa, Topagunea eta Bagera Euskara elkartea dira ekimenaren sustatzaileak.

Guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: bidelaguna eta bidelaria. Euskaraz dakien batek, euskaraz praktikatu nahi duenari laguntzean dago funtsa.

Mintzanet

Solaskideak lagun

Kepa Sarasola eta bere solaskidea den Jose Mari Lopez de Arbina dira ekimen honetako bi partaide.

"Gaztetan euskara ikasteko aukera izan nuen eta jaso nuen laguntza euskara ikasleei eskaini nahi diet" azpimarratu du Sarasolak. Arbinaren kasua, aldiz, guztiz desberdina da. "Gasteiztik hurbil dagoen herri batekoa izanik eta bertan, euskarak duen erabilera urria izanik, praktikatzeko aukera paregabea dut" azaldu du.

Mendiola herrian bizi da Jose Luis Lopez de Arbina. Araban euskararen erabilera nahiko urria dela azpimarratu eta "praktika- tzeko beharra" sentitu zuela adierazi du. Lagun batek eman zion Mintzanet egitasmoaren berri, "informatzen hasi" zen eta honela jarri zen martxan.

Oraindik denbora gutxi darama Mintzaneten, bi solasaldi besterik ez ditu egin. "Hilean behin 30 minutu inguruko solasaldiak egiten ditugu", azaldu du. Badaki denbora gutxi dela baina "zerbaitetarako" balioko diola ez du zalantzarik.

Kepa Sarasola donostiarra eta EHUko irakaslea da eta "ekimenaren berri" albiste bat irakurri ostean izan zuen. "Oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan eta ekimen honetan parte hartzeko gogoa sartu zitzaidan" adierazi du.

Bi saio egin ditu Sarasolak bere solaskidearekin, eta orain arteko esperientzia "positiboa" izan dela jakinarazi du. "Zaletasun asko ditugu komunean" eta horrek "guztia errazten du".

Euskalzaleak dira biak, musika atsegin dute eta dantza ere gustuko dute. "Kimika handia dago gure artean", azpimarratu dute bi solaskideek. Gainera, gauza bitxi bat gertatu zitzaien. "Solasaldi horietako batean bere semearen irakaslea izan nintzela konturatu ginen". Mundua zein "txikia" den adierazi dute biek barrezka. Lopez de Arbinarekin "zorte handia" izan duela azpimarratu du EHUko irakasleak. "Azken finean ez dakigu nor tokatuko zaigun eta elkarrekin nola moldatuko garen ere", gaineratu du.

Momentuz, egitasmoan jarraitzeko asmoa dute biek, "oso gustura gabiltza eta proiektuak irauten duen bitartean, solasaldiekin jarraituko dugu", azpimarratu dute ikasle eta irakasleak. Gainera, Mintzanet, Euskal Herritik kanpo bizi den jendearentzat, guztiz aproposa da. "Euskara praktikatzeko aukera dute munduko edozein txokotik". Aukera hau izatea "oso erakargarria" da pertsona horientzat.

Mintzaneten parte hartzea oso erraza da. Lehenik eta behin, Mintzanetek duen web gunean sartu behar da (www.mintznet.net);ondoren, galdetegia osatu, eta azkenik hainbat datu bete behar dira. Hala nola, izen abizenak, noiz konektatuko zaren, maiztasuna, ordenagailua eskura duzun, zein ordutan hitz egin nahi den... Azken hau oso garrantzitsua da, izan ere, "bikoteen sorkuntza" ordutegien araberakoa izango da azpimarratu du Cristina Tapiak.

Jadanik, 200 pertsona inguru daude Mintzanet egitasmoaren barruan. "Helburuak betetzen ari gara, jendea egitasmo honen aldeko apustua egiten ari baita" azaldu du Tapiak. Hala ere, euskara irakatsi eta ikasi nahi dutenei proiektuan parte hartzeko aukera luzatu die.

Izena eman duten %15a atzerrian bizi dira. Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan, Txilen, Ingalaterran, Kolobian, Brasilen, Uruguain edota Kaledonia Berrian (Ozeania). "Gehiengoak euskaldunen seme alabak dira edo bertan lan egiten ari diren euskaldunak" azaldu du Maramako langileak.

Edonork har dezake parte egitasmo honetan, hori bai, "elkarren arteko komunikazioa bermatzeko gutxieneko euskara maila izatea ezinbestekoa da".

Skype

Plataforma berria

Plataforma berria udan euskara ikasle zein boluntarioei gauzak errazteko helburuarekin sortuko dute.

Egitasmo honen barruan dauden pertsona batzuk ez daude Skype tresna erabiltzen ohituta eta "gauzak errazteko asmoz sortuko dugu plataforma", azpimarratu du Tapiak.