donostia. Hitanoa. Mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko eskuliburua aurkeztu zuen atzo donostiar itzultzaile, irakasle eta zuzentzaileak. "Oso gurea duk eta mantendu beharra zegok", azpimarratu zuen.

Elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua. Hitz egin al dezakegu hitanoa erabiliz?

Bai, egingo diagu. Primeran! Ez duk berez esparrua periodiko batean agertzeko, baina kale giroan eta hizketan egiteko oso ondo zegok.

Azken urteetan hitanoak halako biziberritze bat bizi al du?

Mendeetan zehar galtzen joan duk. Bailara askotan galdu duk. Gaur egun, telebistagatik edo gazteen artean ondo dagoelako jarri duk modan. Pizten ari duk, baina pizteko eredu hori ez duk oso txukuna. Jendeak ez dik hika hitz egiten eta, orduan, zuka eta hika nahasten ditik. Edo hika hasi eta neutroan jarraitzen dik...

Hainbeste akats egiten ditugu?

Adibidez: "Gaur lau ariketa egin dizkiat, baina ez ditut bukatu". Baina ez gaituk konturatzen "ditut" ere aldatu behar dela. Edo muga morfosintaktikoak erabiltzeko garaian, zera erabiltzen diagu: "Zer? Ez zegokelako eskubiderik", "ez dagoelako" esan behar den lekuan. Ez diagu ezagutzen zein den hitanoaren muga. Nahasketa handia zegok. Liburuaren helburua hori duk: ereduak jar-tzea, hika egin nahi dutenek jakin dezaten nondik jarraitu behar duten.

"Goenkale" izan omen zuan hire lanaren abiapuntua.

Egia duk. Gero ibili nauk fikzioan, teatroan, zinean, telebistan... hika nola egin behar den erakusten jendeari. Eredu txukun bat ekarriz eta estandarretik eginez. Gauzak horrela, konturatu nauk nolabait ere arautu beharra zegoela, hainbeste lekutan erabiltzeko. Fikzioan, oro har, hitanoa erabiltzeko beharra zegoan, baina ez euskalki bezala, baizik eta estandar bat. Horren bila ibili gintuan eta lortu genian Euskaltzaindiak 1994ko hikako moldeen zerrenda onartu zuenean. Handik aurrera egindako lanetik atera duk liburua. Proposamena izan nahiko luke, lortu ahal izateko Euskaltzaindiatik gehiago arautzea, batetik, eta bestetik kaleko hizkera txukuntzea.

Ikas al daiteke hika egiten? Iritzi zabaldua duk txikitatik ikasi beharreko gauza dela.

Ikasi daitekek, bai. Mintza hadi, lagun! ekimena martxan jartzea gustatuko litzaigukek, mintzalaguna egiten dutenez gero, hikaz mintza daitezen. Planteamendu teorikoa ematea duk helburua, aditzak nola diren sistematizatzea eta praktika-tzea. Eta eredu txukun baten inguruan praktikatuz gero, hika egin zezakek edonork, jaiotzetik bezala, idatzita zein ahoz.

Zergatik merezi du eredu estandar bat sortzea hika hitz egiteko, jakinda gero gehienetan testuinguru informaletan erabiltzen dugula?

Bakoitzak erabili behar dik etxean ikasi duena eta bere auzokoa eta bailarakoa. Hori gorde eta erabili behar dik. Baina euskara batua bezala, hitanoa ere estandar moduan lan-tzen ari gaituk, bai zinean, bai nobelatan... Eredu txukun bat bilatzen diagu. Uste diat arautu beharra dagoela, gaur egun literatura mailan egiten diren hankasartzeak ez egiteko. Eta jakiteko nola erabili behar den. Azken batean, hanka sartzea baino gehiago ez ezagutzea duk. Nik garbi zeukaat eredu estandarrak leku bat daukala idatzian eta idatzitik sortzen diren formatoetan. Adibidez, pelikula bat, antzezlan bat edo literaturan. Horrek elkarbizitza izan behar dik bakoitzak bere etxean erabiltzen duenarekin. Biek ditek lekua.

Zergatik galdu da hainbeste hitanoa?

Beti pentsatu izan diagu errieta emateko dela, ospe txarra izan dik urtetan, hizkerak atzeraka egin duen neurrian berak ere atzera egin dik eta, gaur egun, eredu desegokian erabiltzea ere baduk galtzea nolabait. Orduan, onena duk proposatzea zein den joku araua, jendea trebatu dadin horretan, eta bakoitzak bere erabilera horretan jakin dezala zeren arabera egin behar duen. Baina egia duk arrazoi asko egon direla hikako erabilera berezkoa galtzeko. Zorionez, oraindik ere bailara batzuetan bazegok, baina horietan bazeudek erabilera oker batzuk eta beste batzuk zuzenak. Nire helburua duk jendea konturatzea zergatik gauza batzuk esaten dituzten modu batera eta ez bestera. Eta, nire ustez, tradiziotik etorrita, nola esan beharko litzatekeen.

Galera hori nabariagoa duk emakumeen kasuan. Hor lan handiagoa dago egiteko?

Guraso askok esaten ditek aspalditik mutilei errazago egiten dietela toka, noka baino.

Zer esan nahi dute espresio horiek?

Mutilari "to" esaten zitzaiolako eta neskari "no" erabiltzen duk espresio hori. Iparraldean ez duk galdu oraindik. Noka gaur egun oso galduta zegok eta, hika egiten duten bailaretan ere, askotan neskari ere mutilei bezela egiten ziotek. Hor beste arrazoi bat ere bazegok. Gaur egun oraindik esaten ditek harreman sozio-afektiboetan ume jaio berriei zuka egin behar zaiela eta, hazitzen direnean, toka edo noka. Hori oso zaila duk. Hik ume bat daukak eta lau urte dauzkanean hika egitera pasako haiz? Ez, eta gainera kostatu egingo zaik aldaketa hori egitea. Orduan, inportantea duk toka eta noka parean egitea. Nokak berreskuratu dezala bere lekua eta, batez ere, ez daitezela nahastu tratamenduak mutilen eta nesken artean. Bestalde, gurasoek jakin behar ditek umeei toka egiten baldin badiete, neskei noka egin behar dietela.

Zein lan geratzen da egiteko lan honen ondoren?

Hemendik aurrera ez diat gehiago teorizatu nahi. Inportantea duk prozesua, Euskaltzaindiaren bidez gauzak arautzeko eta abar. Baina oinarri teorikoa hau duk. Hemendik aurrera erabili egin beharra zagok, eta literatura sortu alokutiboan.

Esparru zabala geratzen da arau-tzeko?

Euskaltzaindiak arautu duen bakarra duk "hi etorri haiz" esatea, hi izenordainaren erabilera eta, hortaz aparte, "nago", "nagok" eta "nagon" esatea eta ez "natxiok", ez "nitxok", ez "negok" edo horrelakorik. Falta dituk arautzeko harreman sozio-afektiboak, muga morfosintaktikoak, hiper hitanoa... bazagok zeresana eredu txukun hori jendeak jaso dezan eta, idatziz jartzen dugun neurrian, erabil dezan. Eta ez dakienak ere jakin dezan nola egin. Dakienak berea erabili behar dik, hizketarako behintzat.