Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du bihar Azpeitian, Espainiako Errepublika baino hiru egun lehenago Azpeitiko Udalak 1931ko apirilaren 17an Euskal Errepublika aldarrikatuz onartu zuen adierazpena goraipatzeko. Apiril hartan, beste zenbait udal euskaldunek ere bat egin zuten aldarrikapen harekin, esate baterako Zumaiak, Zestoak, Oriok, Hernanik, Bergarak, Bermeok, Markinak, Errenteriak eta Oñatik.

Naziogintza Taldearen ustez, adierazpen haiek pasarte ezezagunak dira Euskal Herriko historian, eta “herrian zabaldu egin behar dira”. Horregatik, ospakizunarekin bat egiteko gonbitea luzatu die Naziogintza Taldeak Euskal Herriko independentista guztiei, orain 91 urte Euskal Errepublika aldarrikatu zuten beste hainbat euskal herritako udal ordezkariak eta herritarrak ere bertan izango direlarik.

Ekitaldiaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “Gure memoria historikoa berreskuratu eta Euskal Errepublikaren beharra azpimarratzeaz gain”, omenaldi xumea egingo zaie “1931ko apirilaren 17an mozio historikoa onartzeko ausardia izan zuten” Azpeitiko 16 zinegotziei. Ospakizuna eguerdian hasiko da Herriko plazan, elkarretaratze eta kalejira batekin. Ondoren, dantza eta bertso-saio egingo da Sanagustinen, egun gogoangarria ekitaldi politiko batekin itxi aurretik