- Itxura guztien arabera, Andaluziako hurrengo hauteskundeetan Ciudadanosek porrot egingo du, inkestek erakusten dutenez nekez lortuko baitu Ganberan talde propioa izatea (bost diputatu). Gauzak horrela, 21 eserlekuen altxor hori eskuratu nahian hasi dira alderdi guztiak, ekainaren 19tik aurrera gehiengoa lor-tzeko giltzarri izango direnez.

Andaluziako egungo Gobernuan PPren gobernu-bazkide den Ciudadanosek , Juntaren Lehendakariorde-tza eta beste lau sail zuzentzen ditu, guztira, hamar bat kudeaketa-arlo bere esku dituelarik. Orain arte kaleratutako inkestak beteko balira apenas izango luke zeresanik erkidegoko egoera politikoan, PPko Juanma Moreno faboritoak ez bailuke haien beharrik izango Gobernua osatzeko.

2018ko abenduko hauteskundeetan, C'sek botoen %18,3 eskuratu, eta 26 eserleku lortu zituen PPtik oso gertu geratu zen; orain, ordea, %4 inguruko emaitza aurreikusten zaio.

Ciudadanosek libre utziko dituen eserleku horiek giltzarri izango dira hurrengo hauteskundetan, eta horiek lortu nahian dabiltza, batez ere, PP eta PSOE, baina baita Vox ere, alderdi laranjaren boto horiek eskuratu nahi baitituzte, bi alderdi handiak zigortzeko. Alderdi ultrak Macarena Olona Andaluziako presidentetzarako hautagaitzat berretsi zuen atzo.

Morenok etekin polita atera dio Andaluziako biko gobernuaren kudeaketari. Bere marka pertsonalari lotu dio, departamentu bakoitza zein alderdik zuzentzen zuen kontuan izan gabe, eta ziurrenik bera izango da boto laranjatik ihes egiten dutenen onuradun nagusia, ia 20 eserleku gehiago lortzea espero baita, hain zuzen ere C's galduko dituenak.

Popularrek jakin badakite Andaluziako presidentearen marka sendo dagoela, eta C'sena, berriz, amildegian behera, eta ez dute aukera alferrik galduko, nahiz eta hiru urte eta erdi hauetan harreman ona izan duten, eta hauteskunde aurrerapena gorabehera, koalizioari eutsi dioten.

Boto-emaileen multzo horretara hurbildu nahi du, halaber, Juan Espadas PSOE-Ako buruak, egungo Juntako presidentea ez dadin izan C'sen galeraren onuradun bakarra; aldi berean, 2018an etxean geratu zen PSOE-Ako boto-emaile potentziala ere mobilizatzen saiatuko da. Badirudi inkestek oraingoz ez dutela bere asmo hori babesten, duela lau urteko emai-tzei eutsiko liekeelako (33 diputatu), eta Ciudadanoseko boto-emaile ohiek ia erabat PPren aldeko hautua egingo dutelako.

Egoeraren aldaketa horretan Voxen igoera espero da; lehen hamabi diputatu lortu zituen eta orain ia 20ra iritsiko litzateke; multzo horretan leudeke PPrekin kontent ez daudenen botoak, aurrekoan C'sera joan zirenak. Ciudadanosen jabetu dira egoeraren larritasunaz, eta Vox ipini dute euren jomugan. Ahalik eta boto gehien eusten saiatzeko, beraien kudeaketa erakutsiko dute, eta "aukera moderatu-tzat" aurkeztuko den Abascalen Gobernuarekiko beldurra sustatzen ahaleginduko dira.

Joko-taularen beste aldean, oraindik koalizioa erabat ixteko gauza izan ez diren PSOEren ezkerreko alderdiek dute boto horiek eskuratzeko aukera gutxien; horren aurrean, Más Paisek, hautagai independente bat eta marka zuri bat egotea defendatzen du, zentroko botoak urratzeko zeharkako aukera izateko asmoz.

IUk, Podemosek eta Más Paisek fronte zabala eratzeko negoziazioak orain bost hilabete hasi zituztenetik, ekimenak eraikitzen jarraitzen du, akordiorik gabe, erlojuaren kontra lanean, eta ekainaren 19ko hauteskunde autonomikoen deialdiak behartu dituen egutegiaren presiopean. Maia-tzaren 5era arteko epea dute, hauteskunde-koalizio gisa, hautagaitza bakarraren marka erregistratzeko.

Morenok hauteskundeak deitu zituen egun berean iragarri zuten alderdi horietako hainbat eragilek, markaren izenari buruzko akordiora iritsi zirela (Por Andalucía), baina, dirudienez, hainbat errezelok proposamen hori negoziazio mahaira itzuli omen dute.

"Nik ez dut Voxekin gobernurik adostuko. PPk gauza bera esan lezake?"

Ciudadanoseko bozeramailea Andaluzian