Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jaso dute Monzon-Ganuza Saria, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak "euskal utopikoei" egiten dien gorazarrea. Omenaldia atzo ospatu zen Bergarako Seminarixoan eta bertan, Elkorok eta Ayastuik "oso eskertuta eta emozio handiarekin" jaso zuten saria.

Euskal utopiko guztiei esker herri honetan egindako lana eta hortik jasotako emaitzak nabarmendu zituen Elkorok bere hitzartzean. Ayastuyk, urtetan egin duten lanaz, "herriarentzat egin dugun lana ez dugu eginbeharretik egin, maitasunetik baizik", esan zuen.

2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.