Hogei urte bete dira Joxemari lapurtu zigutenetik, Joxemari Korta. Hogei urte luze. Maite genuenok geroztik beti izan dugu gogoan, baina gaur bereziki sentitzen dugu bere hutsunea; halaxe uste dut. Ez diot hori gaurkoa guretzat egun seinalatua izatean sentimenduak indar hartzen dutelako bakarrik, eta noski ez, hitz polit eta borobilen bila nabilelako. Bere izena daraman Fundazioko partaide naizelako bakarrik ere ez dut esaten. Bai, ordea, Fundazioan bere BIDETIK jarraitzeko ahaleginean Joxemarik bizitzaren ardatz eginak zituen balio eta ikuspegiak hobeto ezagutu eta baloratzean garbi ikusten dudalako, eta penaz, egun munduak eta guk bizi dugun egoera zailean bera bezalako pertsonen premia gero eta nabarmenagoa dela.

Urte hauetan bere inguruko ginenoi sufritzea tokatu zaigu, noski, baina bere bideari elkarturik segitzean ikasi ere asko ikasi dugu. Aurrera begiratu ahal izateko eta ezer positiborik egin ahal izateko gertatutakotik ikasi egin behar dela hasteko. Gauza asko ikasi eta barneratu. Ikasi injustizia beti injustoa dela, zentzugabekeria izan dena zuritzen aritzeak ez duela balio; horrek ez dakarrela inoiz ezer onik, eta gerora ere ez duela ekarriko. Gizarte zibilak giza komunitate bihurtu nahi badu, biktima izan diren guztiekiko errespetoaren isiltasuna eta begirunea barneratuz, hitzak ondo neurtuta baina garbi erabili behar dituela, inolako harrokeriarik gabe, elkarrizketa eta bizikidetzaren helburura bideratuta beti, eta horretarako gorrotoa eta mendekua eta beldurra albora utzi behar dituela. Hori dena ikasi dugu eta mezu hori zabaltzen ahalegindu gara, gure herriko belaunaldi berriak indarkeriaren lilurak sortzen duen degradaziotik libra daitezen. Urte luzetan ondo bete ez den egitekoa izan da hori gure herrian, zoritxarrez.

Joxemariren bizilegeak asko lagundu digu ikasketa honetan. Eta aurrera ere lagun diezaguke guri, eta gizarteari ere bai. Gaurko munduan, zalantzaz eta kezkaz beteriko etorkizuna aurrean dugunean, bide berriak asmatu behar gorrian gaude. Ez mendebaldean, bakarrik; mundu mailan. Krisia ekonomiarekin batera (ondorioz?) oreka ekolojikoa, eskubide eta baliabideetan berdintasuna, bizikidetza, osasuna, krisia gogorrean nahastuak dauzkagu, eta guztiok dakigun arren orain arte emandako erantzunek ez digutela balio, merkatuaren legea gizalegeari nagusitzen zaion bitartean etorkizun beltza daukagula, ez dakigu nondik jo, nondik hasi, zertan aldatu, nola lortu hori.

Gaurko mundua gauza askoren beharrean aurkitzen da, bai, baina, batez ere, bizi ikuspegi eta balioen alorrean lasaitasunez argitu eta bideratuko duen jendea behar du, etika -denok era gizakoiagoan, hobeto bizitzeko artea lantzen duen jakintza hori- zer den, zein ezinbestekoa den ondo dakiten gidariak behar ditu, zentzu etikoa bere eginkizun eta arduretan adierazgarri nagusi bihurtua duen jendea. Lider etikoak, hitz batean. Zientzia eta teknika gizakiaren mesedetan jartzeko bakarrik nahi duen jendea. Joxemari horietako bat zen. Horietako bat, bai. Etxean eta ikasketa garaian jasotako balio etikoak bere bizitza eta lanean gero eta gehiago sakontzen saiatu zena. Gizaki arrunta izan zen Joxemari, normala guztiz, ez zen inor baino gehiago kontsideratzen, gizaki guztiok balio berdina dugula garbi zuen guztiz. Egun munduak -gure herriak ere- errazegi ahazten dituen gauza inportanteak argi eta sakon bereak eginak zituen, eta sinesten zuen horretan saiatzeko borondate faltarik ez zuen behin ere izan. Borondatea, leialtasuna, eta ahalegina bereak zituen oso, inoiz `temosoaren´ itxura emateraino.

2000. urtean galdu genuen lagunaren ahaleginean agertzen diren arrastoek gure gizarte eta herrigintzak behar-beharrezko dituen argitasun asko eskaintzen dituela uste dut. Esperantzari heldu egin behar zaiola, hasteko, -pesimista izatea erraza da gaur, baina esperantzarik gabe ez dago ahaleginik-, eta gizakian sinestu egin behar dela, bizitzan gauzarik inportanteenak ikasi egiten direlako, zintzoa izaten ere bai, eta ikasi gainera eskertuz egin behar dela beti, kimu berrien eta indartsuenen sortzaile hori egiten duena izaten baita.

Horretan asmatzeko berak gauza asko zituen ondo ikasiak, egungo munduak dirudienez ikasi nahi ez dituenak, baina ezinbestez ikasi beharko dituenak: lehia beti izango dela gizakien artean, ona dela hori, baina inoiz ez duela gizalegearen arerio bihurtu behar, gizalegearen bizkar garatu behar. Ez dela horrela ezinbestez. Gizabidea eta zientziaren bidea ez direla inola ere elkartu ezineko bi bide etsai. Teknikarena ere ez. Etika eta teknikak mundu osagarriak izan behar dutela aurrerantzean mundurik izango bada. Euskal Herrian ere bai, gure herririk izango bada.

Hori guztia bideratzeko gure buruetan garbi izan behar dugu lanak garrantzia handia duela gizakiaren bizitzan, lana ez dela zigorra, ez duela izan behar, lan guztiak direla balio handiko, eskulana bezala burulana, izan bizibide, kultura, zainketa, heziketa, ikerketa... alorrean. Eta lana eratu egin behar izaten denez beti, enpresa antolaketaren egiteko nagusia bere ihardunean zientzia, teknika, kultura, jakinduria oro, humanizatzea dela, etengabe garatzen joan behar dugun etika balio garbien bidetik.

Hori argitu eta egiaztatzea da, Joxemariren ikuspegitik, belaunaldi berriekiko dugun zorra eta erantzukizun nagusia. Gure laguna gizon arrunta zela esan dut lehenago. Umila ere bai. "Inork ez dio inguruari jaso duena baino gehiago ematen". Hauxe atera zitzaion behin erahil zuten baino hilabete pare bat lehenago ikasketa garaiko hiru lagun handienak afaltzera bildu ginen batean. Ez dakit esaldi hau juxtu-juxtu eta beti egia den, baina esaten duenaz asko adierazten duen konbentzimendua da egiaz; niri gogoan gelditu zitzaidan; Joxemariren izenean harro zabaldu izan dut, nahiz eta pentsatzen dudan bere kasuan igoal ez dela guztiz egia.

Agur eta ohore, Joxemai!