Ipar Euskal Herriko Elkargoa ez da urteetan aldarrikatu den departamendua edo lurralde elkargo berezia, eta are gutxiago autonomia estatutua. Halere, duela hiru urte sortu zen erakundeak Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 158 herriak elkartzen ditu lehen aldiz. Lehen zeuden hamar elkargoak bakarrean batu ziren eta Frantziako iraultza garaitik zegoen ukapena eta imobilismoa bukatu dira hausturarik eragin gabe Akitania eskualdea edo Pirineo Atlantikoetako departamenduarekin.

Aldaketa instituzionala orduko Frantziako Gobernu sozialistak proposatu zuen deszentralizazio prozesuaren baitan, eta bi baldintza ezarri zituen mahai gainean: udalerrien erdiak horren alde bozkatzea eta 300.000 biztanleen erdia ordezkatzea gutxienez. Herritarren %66 biltzen duten hamar herriko etxetik zazpik alde bozkatu zuten eta hautetsien %73k Jean-René Etchegaray Baionako alkate zentrista izendatu zuten Elkargoaren presidente.

Ezohiko tentsio giroan sortu zen erakundea, helegitez gain, irainak eta mehatxuak egunerokoak bilakatu zirelako aldeko eta aurkakoen artean. Euskal estatua sortzeko lehen urratsa, demokraziaren hilketa eta zergak nabarmen igoko zirela salatu zuten kontrakoek. Horien artean zegoen Michel Veunac, Biarritzeko alkate zentrista, erakunde bakarra baino hamar gune nahiago zituelako. "Beste formula nahiago nuen baina hautetsiek bozkatu ondoren emaitza onartu nuen eta orain aitzinatzen ari gara. Ororen buru ongi sentitzen naiz bertan, Daniel Oltzomendi abertzalearekin turismo eta ekonomia urdinaren presidente orde naizelako", dio Veunacek.

Guillaume Barucq Biarritzeko alkate orde ekologista aldeko bakarrenetakoa zen udalbatzan. "Aldaketa ona da, gauza asko egin dugu denbora laburrean eta sortzaileen lana goraipatu behar da. Eskumenetan urrunago joan behar dugu nekazaritza arloan, adibidez. Lurrak zaintzea hirigintza baino lehenago kokatu behar litzateke", Barucqen ustez. Lurren prezioek gora egin dutela eta herritarrek arazoak dituztela etxebizitza lor-tzeko hautetsi guztien gogoan dago.

Urtean nonbait, han 600 milioi euroren aurrekontua duen elkargoak uraren kudeaketa eta hirigintza planak lurralde osoan berdindu ditu. Garraio publikoaren eskaintza handitu du ere Txik Txak sare berriari esker Irundik Zuberoaraino bidaiatzeko eskualde guzietan barrena, Amikuzen edo Maule eta Sohüta artean. "Bi udalerri horien artean egunero dabilen autobusa elkargoaren ekarpen handia da. Biarnoko beste lurraldeetan ez dute horrelakorik, Salbaterra, Nabarrenkoxe eta Salisen. Guk hau dugu jendea atxikitzeko eta erraztasunak emateko autorik ez duten gazte eta adinekoei", bota du Michel Etchebest Mauleko auzapezak. Baionaldean Trambus izeneko autobus elektrikoen inguruan berregituratu dute sare osoa. Urtarrilaren 11n euskal presoen alde eginen den manifestaldiari atxikimendua aho batez erakutsi dio elkargoak, eta Macron presidenteari bakearen alde urratsak eman ditzan eskatu diote ere euskal hautetsiek.

Erronkak Elkargoak Lapurdiko kostaldeko hiri handi eta barnealdeko baserriguneen arteko oreka zaindu behar duela dio Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakasleak: "Onurak ekar ditzakeela ikusi behar dute herritarrek". Bere aldetik, adostasun zabala hautsi nahi ez badu ere, Batera plataformak lurralde elkargo berezia aldarrikatzen segitzen du eskumen gehiago izateko. "Herritarrek ordezkariak zuzenean bozka bidez hautatzea nahiago dugu ere", gaineratu du Nikolas Blain Baterako kideak. Elkargoa ez dela aski eta Ipar Euskal Herriak benetako autonomia behar duela dionik ere bada.

Frantziako estatuan lege babesik ez duen euskarari lurralde hizkuntza izendapena eman dio erakunde berriak baina eguneroko bizian frantsesa erabiltzen du nagusiki. "Sinbolikoki urrats garrantzitsua eman da baina orain gauzatu behar da", diote Euskal Konfederazioa eta Baterako kideek. Izan ere, Trambusa bezalako zerbitzu jendetsuetan euskara oso gutxi agertzen dela deitoratzen dute euskaltzaleek.

Sandrine Derville Angeluko alkategai sozialistak dio elkargoaren presidente berriak ez lukeela hiri handi bateko alkate edo Akitaniako hautetsia izan behar. Gizon eta emazteen arteko berdintasuna bultzatzea eska-tzen du ere gaur egun erakunde bakarra baita hori errespetatzen ez duena. Ordezkari berriak martxoaren 15 eta 22an eginen diren udal hauteskundeen egunean aukeratuko dira eta orduan jakinen da Etchegarayk presidente karguan segituko duenez.