El Niño-ren lehen saria bederatzi aldiz egokitu da Donostian
Duela bi urte, 94974 zenbakiak bost milioi eurotik gora utzi zituen Euskadin
Donostia – El Niño-ko loteriaren zozketa bereziaren lehen saria bederatzi aldiz egokitu da Donostian, 18 aldiz Bilbon eta behin Gasteizen, Sociedad Estatal de Loterías y Apuestas del Estado (SELAE) erakundeak eskainitako datuen arabera. Azkenekoz 2024an tokatu zen Euskadin, eta bost milioi eurotik gora utzi zituen.
Donostian bederatzi aldiz erori da urtarrilaren 6ko zozketa bereziaren lehen saria (1923, 1927, 1930, 1944, 1963, 1972, 2020, 2021 eta 2024an). Gipuzkoan saria jaso zuten baita ere Azkoitian 1995ean, Oñatin 1963an eta Pasai Antxon 2016an.
Bizkaiko hiriburuan honako urte hauetan jauzi da El Niño loteriako sari potoloa: 1916, 1936, 1945, 1946, 1955, 1958, 1963, 1964, 1966, 1969, 1972, 1978, 1981, 1989, 1999, 2016, 2018 eta 2021ean. Hiriburuaz gain, Barakaldon tokatu zen lehen saria 1998an eta 2002an; Getxon 1982an, 1986an eta 1998an; Plentzian 1989an eta 2024an, eta Leioan 2024an.
Arabak ez du zorte handirik izan zozketa horretan. Sari nagusia 1987an baino ez da Gasteizen erori, eta 2024an, berriz, Laudio eta Oion udalerrietan.
Zozketa bihar egingo da, eguerdiko 12.00etan, Estatuko Loteria eta Apustuen Zozketa Aretoan, loteria-ontzi anitzen sistema erabiliz. 100.000 billeteko 55 serieko jaulkipena egin da, eta billete bakoitzak 200 euroko prezioa du, 20 euroko dezimo edo hamarrekotan banatuta. Jaulkipena, guztira, 1.100.000.000 eurokoa izan da.
Bi milioi
Guztira, jaulkipenaren %70 saritan banatzen da, hau da, 770.000.000 euro. Saririk aberatsenak hauek dira: serieko 2.000.000 euroko lehen saria, serieko 750.000 euroko bigarren saria eta serieko 250.000 euroko hirugarren saria.
Iazko azken zozketan, El Niñoko Loteriaren lehen sariak ez zuen Euskadi ukitu, baina bigarrenak eta hirugarrenak bi milioi euro inguru banatu zituzten Euskadiko hainbat herritan. Lehen saria Leonen saldu zen oso-osorik.
Bigarren saria, aldiz, 06766, oso sakabanatuta egon zen. Donostiako Bermingham kaleko 9. administrazioak 750.000 euro banatu zituen hamar bezeroren artean, El Niño-ren bigarren sari horretako serie bat salduta.
Plentziako 1. administrazioak bi dezimo (150.000 euro) saldu zituen app bidez, eta El Niño-ren bigarren sari horrek Bizkaiko Gueñes herria ere diruz busti zuen, dezimo bakarrarekin izan bazen ere.
06766 zenbakia Erandioko Astrabudua auzora ere iritsi zen, Etxegorri kaleko saltokian saldu bai-tzuten.
El Niño-ren hirugarren saria ere, 66777, hainbat herritan saldu zen, besteak beste Gasteizen, non 17. administrazioak El Niño-ren zozketa bereziaren hirugarren sariaren 750.000 euro banatu baitzituen 30 dezimo saldurik.
Hirugarren sari horren zati bat, Artea merkataritza gunean dagoen Leioako 4. administrazioak ere saldu zuen. Zehazki, 50.000 euro banatu zituzten bi dezimo salduta. 25.000 euro zegozkion beste bat Bilboko 21. administrazioan saldu zuten.
Donostiako Mandasko Dukearen kaleko estanko batek eta Pasai Trintxerpeko Julio Urkijo kaleko saltoki batek ere banatu zituzten 66777 zenbakiaren txartel batzuk.
El Niño-ko loteriaren lehen saria 2024an erori zen azkenekoz Euskadin. 94974 zenbakiak 5 milioi euro baino gehiago utzi zituen Euskadin, eta horrez gain, 57.033 hirugarren saria izan zen eta sos politak banatu zituen Laudion, Leioan, Errenterian, Lasarte-Orian eta Zarautzen.
Bizkaiari dagokionean, Leioako Artea merkataritza-gunean dagoen Loteria Arteak bi milioi euro banatu zituen lehen sariaren (94974 zenbakia) hamar dezimo salduta; Bizkaian bertan, Plentziako 1. administrazioak beste zazpi txartel saldu zituen, guztira 1,4 milioi banatuz.
Gipuzkoara itzuliz, Donostiako bi administraziok ere banatu zituzten lehen sariaren hainbat billete. Esate baterako, Donostiako Antigua auzoko Matia kalean dagoenak 94974 zenbakiaren bost dezimo saldu zituen, beraz, milioi bat euro.
Gros auzoko Secundino Esnaola kaleko administrazioan, berriz, zenbaki bereko txartel bat saldu zuten: 200.000 euro. Horiez gain, beste dezimo bat saldu zen Hondarribian loterien webgune ofizialaren bitartez.
Arabari erreparatuz, Oiongo El Topito de la Suerte administrazioak lehen sariaren dezimo bat saldu zuen makina bidez, eta erosi zuen zorionekoak 200.000 euro eskuratu zituen. Arabatik irten gabe, zorteak Laudio ere jo zuen, Zumalakarregi etorbideko administrazioan lehen sariaren txartel batzuk saldu baitzituzten.