donostia - Deustuko Unibertsitatea munduko 200 unibertsitate onenen artean dago Hezkuntza arloan Times Higher Education World Universityk kaleratutako zerrendaren arabera. Eremua Espainiara murriztuz, bertako unibertsitateen artean hirugarren postua erdietsi du. Gainera, Business And Economics atarian ere emaitza galantak lortu ditu, Espainiako bost onenen artean kokatuz.

Gauzak horrela, Hezkuntza esparruan 151-175 tartean dago mundu mailako 477 unibertsitateren artean. Ekonomian, ordea, 251-300 tartean dago 500 unibertsitate baino gehiagoren artean. Halaber, sailkapena bost dimentsioren baitan dago: irakaskuntza, ikerketa, aipamenak, nazioartekotasuna, eta industriatik datozen diru-sarrerak.

Jasotako aintzatespengatik Jose Maria Guibertek bere poztasuna helarazi du, funtsezkoena zein den alboratu gabe: “Guztion lanaren eta ahaleginaren emaitza da, baita Deustu Prestakuntza Ereduaren sendotasun eta izaera berritzailearena ere”.

“Hala eta guztiz ere, guretzat rankingik garrantzitsuena aintzatespen sozialari dagokiona da, alegia, ikasle eta familien, enpresen eta erakundeen partetik jasotakoa, horrela mundu bidezkoago, gizatiarrago eta iraunkorrago bati egiten diogun ekarpen eraldatzailea ikusten dugulako”. - U. Gonzalez